Etnobotanika, gure kulturaren zati bat azalduta, berbatxango bati esker

Berbatxangoak amaitu dira. Azken biek Sopelako errotak eta Etnobotanika izan dute jomuga. Lehengoan, herri horretako zeuden (dagoen) errota asko ezagutu genituen. Bigarrena ustekabea izan zen. Berbots-ek antolatuta, Etnobotanika zuen izenburua. Hizlaria Gorka Menendez Baceta zen, Ingurumen Zientzietan lizentziatua eta galdakarra; aditua zein komunikatzaile ona.

Hasieran aitortu behar dut landareko kontuak ez zaizkidala batere gustatzen, plater batean ez badaude. Gainera, askotan, frikiz beteta daude horren inguruko bilerak, baita  ilunpeko zientziaz eta sasi-tradizioaz ere.

Aitzitik, premisa horiek uxatu zituen hasieratik hizlariak. Landare mundua ondo ezagutzen zuela agerian jarri zuen, baina etno edukia ere beti egon zen bere hizketan. Gauza interesgarri asko entzun genituen, batzuk ezagunak, beste batzuk ez hainbeste, baina guztiak aproposa diskurtsoan, eta interesanteak. Gure kultura ere, guztiak bezala, izaki bizia dela, tradizioaren mugikortasuna, eduki magikoak, arrazoi zientifikoak, eta sineskeriak… elementu asko eta interesanteak sortu ziren. Batzuek oharrak hartu zituzten, belarraren erabilpenak ikasteko bide zen. Hala ere, hori ez zen garrantzitsuena. Adituak transmititu zizkiguten kultura zahar bateko elementu ezezagunak, ez da makala; eta ez bakarrik landare batzuen propietateak edo sasi-propietateak. Kasu honetan axola behar digu erramua (Laurus nobilis) tentsiorako ona izateak, edo pilulak hartu behar ditugun.

Asko gustatu zitzaidan sineskeria eta zientziaren oreka diskurtsoan, “enpiriko hitza erabili zuen azaltzeko benetako eraginak, magiaren aurrean jartzeko; eta askotan “nik ez nuke egingo” entzun genion. Hor dago muga diskurtso zientifikoa eta sineskeriaren artean. Askotan botanika oso bereiztuta dago, edo botanika hutsa, edo etnografia hutsa edo sineskeria hutsa. Hor ere, beste leku askotan bezala oreka beti ez da ikusten

Eguraldi ona egin zuen. Amaitu genuen Unben, Akerlandan. Hor edabe eta pomada batzuk egin zituen hizlariak. Landareekin egindako erritual zahar bat ere azaldu zigun. Jendea paseatzen zen, eta hor zegoen talde handi bat euskaraz egindako azalpenak entzuten. Pentsatu nuen nik: batzuetan ekintza xumeak ze garrantzia duten, batez ere “besteek” ikusten badute, kalean, normaltasunez, euskara azaltzen dute eta.

Berbatxangoak amaitu dira, ziklo honetan behintzat. Espero dezagun datorren urtean, udazkenean, Berbots, Egizu eta Aitxuk berriro antolatzea, merezi du eta, ikuspuntu askotatik gainera.

Posted in Ekitaldiak/Ekimenak, Erandio, Getxo, Sopela | Tagged , , , , | Leave a comment

Sopelako Seke errota, gaztexe bat berbatxango batean

Seke errota. Oraingo gaztetxea

Pasa den asteburua Sopelan egin zen Berbatxango bat. Sopelako errotak  zen izenburua, eta, lerro batzuk merezi arren, errotak zein Berbatxangoa, gai kolateralari buruz hitz egingo dut. Errota batzuk bisita genituen, eta amaitzeko Seke errotan egin genuen azken geldialdia. Seke errota gaztetxea da, Sopelako gaztetxea hain zuzen ere.Eraikina hiriguneko mugan dago, eta hondakina hutsa zen. Ubidea desagertuta dago, eta makinariak zein egiturak deseginda. Urtegia, berriz, alboko partean dago, eta gogorra izanda, errekupera liteke erraz.

Gaztetxeko jendeak erakutsi zigun bai egindako lana, bai eskuartean duten egitasmoa. Lehenengo eta behin, esan behar da edadekoa naizela, eta, beraz, gaztetxeetan sartzea debekatuta izan behar nuen, hango elementu asko, belaunaldiagatik , ezin baititut ulertzen. Hala ere, ez ulertzeak, ezta ez konpartitzeak ere, ez du esan nahi txarto daudela; izan ere, ez dauka zer ikusirik.

Seke ez da Kukutza, Sopela ez baita Bilbo. Hala ere gako asko  partekatzen dute, nagusiak hain zuzen ere, eskala izan ezik.  Ez luzatzeko, eskema jarritan, bisitaren inpresioak hauek dira:

  • Bat: Gazte batzuk hondakina berreskuratzen ari dira.Helburutik oraindik

    Seke errota. Oraingo gaztetxea

    urrun daude, hondakina galanta baitzen aukeratutako eraikina. Baina egindako lana ere galanta izan da, sabaiak, hormak… dena berritu dute, edo berritzen ari dira.

  • Bi: Talde horrek ekimen asko antolatzen dituzte, musika, tailerrak, ikastaroak… Ekimen guzti horiek kultura alternatiban sartuta bide daude, eta eskaintza alternatiba ere eratzen dute Sopelan. Askotan, segura asko, hain alternatiba ez da, eta kultura ofiziala-ren gehigarri bat ere bada. Binomio horrek Kultura eta Alternatiba gogoeta berezi merezi izango du, baina ez da izango orain.
  • Hiru: Autogestionarioak dira, hori askotan zentzu txarrean hartzen da, baina emaitzak onak eta txarrak izan daitezke autogestioarekin zein ohiko gestioarekin. Autogestioa ona bada ondo dago, txarra bada ez; lelokeria eman arren, askotan ahazten zaigu, baina horrela bada etxean edo enpresetan, zergatik testuinguru hauetan ez? Kasu honetan, herri txikia izateak lagunduko du. Seke kasuan, autogestiopean egin da dena, eta lortu da dena, orain arazoak arazo, egitasmo nahiko egonkorra dirudi, antza.
  • Lau: Azpimarratzekoa da dirua. Egindako lanak ikusi ondoren, galdera bat sortu zitzaidan: nondik ateratzen da dirua? udaletik?. Ba ez, udalak ez du ordaindu ezer. Dirua txosnetatik eta halako ekimenetik ateratzen da. Ondo pentsatuta, horrek askatasun gehiago ematen die, kontrol gutxi eta autogestioa zein alternatiba azpimarratzendu.

Ez dakit zein testuinguru ideologikoan mugitzen diren, alternatiba izateaz aparte. Bost axola, emaitza ona bada. Askotan gaztetxeei egiten zaien kritika nagusia esker abertzaleko ideologia edo menpe izatea da… Baina kritika hori ezin zaie egin gaztetxeei, gizarteari baizik: Kultura edo egitasmo alternatibak egiteko, esker abertzaleko baino ez dago? non daude besteak? Sano izango litzateke beste ideologiak ere parte hartzea (alternatibaren multzokoak jakina) baina gutxitan ikusten dira. Agian gure gizarteak oso zatituta dago, eta ideologien artean komunikazioa ez dago, auskalo, soziologoak daude horretarako.

Edozein kasutan ere, nik gazte talde batek sortutako egitasmoa ikusi nuen, aurrera eramaten. Poztekoa eta eskertzekoa da. Hor sortzen dena kultura da, alternatiba izan arren. Hau da, beti gehiengoaren gustukoa ez da, beti arrakastatsua ez da. Batzuetan, gehienetan, kale egiten du, baina aurrera doanean primerako esperientziak sortzen dira, eta, hori bai, prozesua bera, beti-beti arrakastatsua da.

Posted in Ekitaldiak/Ekimenak, Sopela | Tagged , , , , | Leave a comment

Guztiok ez gara literatura-egileak, baina hitzekin jolasteko gai bagara: ArgHizkiak

Gure kultura ikuspegi kaxkarrean Getxo nabarmen gailentzen da askotan. Orain Egizuk, Getxophotok eta Getxoko udalak. Lehiaketa bat ekartzen digute  ArgHizkiak, hain zuzen ere. Horretan argazki batzuk aurkezten dizkigute, eta horietako batetik  SMS bat edo ehun hitzeko testutxoa sortu behar dugu. Erraza, bitxia eta ertz askotako ekimena (argazkigintza, literatura, sormena, euskara…)

 Askotan ahazten dugun arren, literatura kontu serioa da ikuspuntu guztietatik. Idei bat sortu behar da; forma eman behar zaio; idei horri; norbaitek sortua hartzeko prest egon behar du; eta, zailena, beste batek argitaratu edo, behintzat, zabaldu behar du. Ofizio zaila eta, gehienetan, eskergaitza.

 Hala ere, erraztzat hartzen dugu askotan, tribializatzen dugu. Edonork egin dezake zerbait. Udalek batez ere, sarritan egiten dituzte literatura lehiaketak. Agian, literatura-tailerrak egin behar zutenean literatura benetan ulertzeko eta bultzatzeko. Leku guztietan egiten dira literatura-lehiaketak, ordea, leku gutxietan egiten dira literatura-aurkezpenak, literatura-tailerrak, literaturari buruzko…. Guztiok gara nobelistak eta poetak, baina ez omen gara ikasteko gai. Norbaitek uste du medikuntza-lehiaketa egin liteke? Edo arkitektura edo… ez horiek adituentzat dira, serioak dira eta; literatura, artea, eta halakoak, ordea, edonork egin dezake.

Hala eta guztiz ere, errudunak ez dira gure zinegotziak, hori esatea beti errazena da eta. Egiten diren literatura ekimenak, bai euskaraz, bai gazteleraz, gutxik parte hartzen dira, zerbait esatearren; askotan taberna batean egin litezke eta. Jendeak ez du ondo erantzuten. Hor daude liburutegiak, gaurko literaturako lubakiak, zenbaki urrirekin, bere ahalegina itzela izan arren; eta hor daude leku batzuetan antolatzen dira irakurleen txokoak ere, lau katu biltzen dutenak, batzuetan (gehienetan), oso interesanteak badira ere.

 Horregatik nire gustukoa izan da Getxon antolatutako lehiaketa. Sorkuntza baloratzen da, baina asmo handirik gabe, ez dira nobelista hasiberrientzat, ezta literatoentzat, edonork egin dezake sms bat, eta abilagoa bada, ehun hitzeko idazki bat. Argazkiek ere laguntzen dute, ederrak dira guztiak. Nor da sortzailea? Argazkilaria? Edo horren aitzakiaz zerbait idazten duena?. Espero dut jende asko aurkeztea, azken finean, argazki bat ikustea eta zerbait esan egunero egiten dugu egunkariaren azala ikustean.

 Lehiaketa, ekimen polita izan liteke, jendea parte hartzen badu jakina. Gainera, onartzen du beste hurrengo ekimen asko: erakusketak, argitalpenak… Hortaz gain, ezin da ahaztu beste helburu batzuk, euskara bultzatzeko ekimena ere bada, ekimen berri  bat. Izan ere, eta antolatzaileek eta arduradunek burmuina lanetan dutelako froga ei da. Hori da bere lana, eta eskertzekoa da antolatzaileek zein udaleko arduradunek betetzea.

 Informazio osoa: http://www.egizu.org/literatura/argi-hizkiak/

Posted in Ekitaldiak/Ekimenak, Getxo | Tagged , , , , , | Leave a comment

Apirila hotz, ez gari ez agotz. Sopelako Esaera Zaharren Txapelketa.

Aurtengo kartela

Esaten badugu hizkuntza bat kultura dela, guztiok erraz ulertzen dugu. Hizkuntza bat, ordea, gehiago da. Ekosistema oso bat dago hizkuntza baten barruan, kultura-ekosistema hain zuzen ere. Ekosistema horrek esango digu kulturaren osasuna, aberastasuna eta abar. Sopelako AEK-k 19. Esaera Zaharren Txapelketa egingo du larunbat honetan. Ez da makala, beste hizkuntzari buruzko 19 urteko ekimen bat ez dut gogoratzen. Sopelako formatua, gainera, dibertigarria da, eta, horregatik, gero eta herrikoagoa da.

Atsotitzek, egi sozialak komunikatzeko balio dute. Egi horiek normalean eskarmentuak ikasten digu, eta modu erraz horretan azaltzen ditugu portaera bat, balorazioak, zerbait egiteko moduak… Antzekoa egiten du erlijioak. Jainkoak (edo bere ordezkoek) esaten digu zer egin behar dugun, zer den morala eta zer ez.

Jakina. Orain badakigu egiak beti ez direla egiak, batzutan guztiz kontrakoa, gehienetan Egia letra larriz idatzita badago. Baina mendez mende horrela izan zen. Orain, aitzitik, ez dugu behar esaera zaharra bat eguraldia interpretatzeko, meteorologoek esaten baitigute, eta halako mila adibide, arlo guztietan. Beraz, esaera zaharrak galtzen ari dira, eta horrekin hizkuntza-ondarea (Kultura-ondarea) galtzen da (baita gaztelaniaz ere, azken finean, hemen bezala, egiak ez dira lehen bezalako egiak gure inguruko hizkuntzetan). Hainbat errefrauak, koplak, esaera zaharrak, atsotitzak eta abar esaten ziguten gure aiton-amonek, eta zenbat esaten dugu guk?

Ondare guztiak bezala, nahiz eta galdu, gehienetan erremediorik gabe, ondo dago jakitea hor dagoela (zeudela), eta gure kulturako zati garrantzitsua izan dela. Behin aztertuta, ikusiko dugu gure herria kostako edo barrukoa zela, abere- edo nekazale-herria, kaletarra edo baserritarra, erlijioso ala ez, kristaua edo paganoa, bere kanpoko eraginak, bere giza antolamendua… hamaika gauza, azken finean, esan dugunez kultura bateko isla dira.

Bitxia da Sopelakoa, urtez urte, gutxiz gutxi, ekimen propioa eta herrikoia egin du arlo zaila batean: hizkuntza. Dudarik gabe, lana itzela behar izan dute antolatzaileek ia 20 urteko ekimen lortzeko. Gakoak? Gogoak, urtero antolatzeko eta buruhausteak gainditzeko; umiltasuna, zerbait erraldoia ez egiteko, eta bere neurriko zein eragineko ekimena antolatzeko; eta originaltasuna, gai lehorretik, hizkuntza, kultura-ekimen partehartzaile, entretenigarria eta dibertigarria egiteko.

Informazio osoa: XIX. Esaera Zaharraren Txapelketa

Posted in Ekitaldiak/Ekimenak, Sopela | Tagged , , , , | 1 Comment

Guda zibileko bonbardaketak eta gure herrietako ikerketak

Aurkeztutako liburua

Azken egun hauetan gure historia hurbila agerian dago. Historia bai, historia baita gure azken gudan gertatutakoa. Historia baitira Galdakao, Durango, Gernika eta Leioako bonbardaketak, eta historia baitira hildako gudariak eta eraildako herritarrak. Hala ere, ez dira historia soilik gure izana ere eratzen baitute guztiek: hildakoak, gudariak, bonbardaketak eta faxistak.

Pasa den astean, Durangon liburu bat aurkeztu zen, Jon Irazabalek idatzitakoa. Santa Susana komentuan egin zen aurkezpena, beteta, hotza eliza, eta, ordea, beroa. Irazabalek egindako liburua nahiko poliedrikoa da, ez zaila izateagatik, oso erraza ulertzen da eta. Poliedrikoa da funtzioei dagokionez. Alde batetik, omenez idatzita dagoela bistan dago. Ikerketa sakona egin da jakiteko “zeinak izan ziren” hildakoen zenbaki horiek: egunkariak, betiko historia-iturriak, Basurtuko Ospitalea… Liburuak, egileak, gizakiak jartzen ditu zenbakien atzean.

Durangoko bonbafdaketa (liburuaren argazki bat)

Tokiko historia ere bada. Zer gertatu zen Durangaldean, nola izan zen gatazka, zein zen ondorioak eta nola egin zen. Liburuan aztertzen dira dokumentu asko, batez ere argazkiak: ikaragarriak, eta Irazabalek lupaz aztertuta. Ikerlariaren lanak argazki asko deskubritu omen ditu, artxiboz artxiboko lan astun horrek emaitza ikaragarria eman dio. Izan ere, hegazkinek beraiek egindako argazkiak harritzekoak dira.

Historia liburua ere bada. Oso ondo azaltzen da nondik norakoa etorri zitzaizkigun kolpistak. Nola zegoen frontea eta militarren mugimenduak. Horretaz gain, datu asko ematen dira Bizkaian guda hobeto ezagutzeko eta ulertzeko.

Beraz, Historialariek, auzokideek, eta gai horretan interesatuta daudenek ere gustura irakurriko dute liburua.

Horretaz gain, Gernikako ekimen bereziak prestatzen ari dira, urteurrena bera ospatzeko, baita Leioan ere; hortaz sarritan agertu da gaia hedabideetan.

Amaitzeko Leioako udalak hitzarmen bat sinatu du Aranzadi Zientzi Elkartearekin Guda Zibila aztertzeko Leioan. 75 urte pasatu behar izan dira hori aztertzeko!!! Trantsizioa eginda dago???

Ezin da ahaztu Leioa kolpisten jomugan zegoela , Lamiakon aireportu kaxkarra zegoelako, kaxkarra baina bailiotsu, hegazkinak egon balira. Polita da, nahiz eta berantiarra Leioako ekimen hori. Nik, Getxoztarra naizenez, hartu ditut dauzkadan Getxoko historia-liburuak, baina guda zibilaz eta guda-ostekori buruz ez dago ezer; edo frankista bat da egilea, edo laster eginda dago, edo… lasterregia zen horretaz idazteko. Hau da, ez dakigu ezer horretaz, eta lekukoak desagertu dira. Zerbait egin daiteke Getxon? Zergatik ez da egin? Ematen du Getxo oso eskuineko udala denez, horretaz ikertzea arazotsua izan liteke; beraz, udalak ez du lorategi horretan sartu nahi. Agian, egia da, eta udalak egindako analisia ona eta erreala da, baina, ordun, galdera bat otu zait: ezin bada guda zibila eta guda-osteko frankismoa aztertu, benetan trantsizioa eginda dago Getxon? edo guda-ostean (frankismo-ostean gehienez jota) bizi gara oraindik?

Posted in Ekitaldiak/Ekimenak, Uribe Kostatik kanpo | Tagged , , , | Leave a comment

Kulturatik ere, hamaika zergati grebarako.

Hamaika zio dago 29ko greba egiteko. Larrienak, dudarik gabe, gizarte- eta ekonomia-arloan daude. Hala ere, norbaitek esan zuen bezala, ekonomiak dena bustitzen du, batez ere kultura. Ahatz ditzagun zio nagusi horiek, ahal bada, eta azter dezagun krisiak eta, batez ere, ekonomia-politikak egiten diona (gure)kulturari.

Ez gara herri kultua, Estatua gero eta gutxiago, beraz, guretzat kulturan oinarrizkoak dira estatuak, administrazioak edo dena dela. Beraiek erakusten digute zer egin behar dugun, kulturari dagokionez, guk nahi ez arren. Horregatik, askotan, antzokiak erdi hutsik daude; horregatik, liburu-aurkezpena borobil batean egiten dira; eta, horregatik, argitaletxe gehienek administrazio guztietako pasilloak ondo ezagutzen dituzte. Gaitza horien truke (interbenzionismoa?) antzerkia bizi da, liburuak daude apaletan eta egileek, noizbehinka, bazkaltzen dute. Hemen daukagun kultura-egitura, baldin bada, ezin da mantendu administraziorik gabe. Hori gertatzen bada orokorrean, zer esan euskara gehitzen badugu!. Hizkuntza minorizatu baterako hezkuntzak, zaintzak, bultzadak, bermeak… bizirauteko muga markatzen dute. Bere atzean, nahita nahi ez, estatua dago, bere hamaika eratan (elkarte xumeak, udalak, aldundiak, Jaurlaritza, Madril eta Brusela).

Musikariek, antzezleek, ondarearekin lan egiten dutenek, egileek, argitaletxeek, egunkariek, guztiok daramate bi urte gutxienez jota, lanik gabe edo oso murriztuta. Diru-iturriak moztu dizkie administrazioek (udalak, diputazioak, Jaurlaritza…). Kultura mozten den lehen arloa da, azken finean, zertarako balio du kulturak?. Hori gutxi balitz, aitzaki perfektua da. Hiritarrek, gehienei kultura bost axola, ondo ulertzen dute kulturako aurrekontuen murrizketa, gutxi kontsumitzen baitute, esfortzurik gabe eta balorazio eskasarekin. Beraz, LTD telebista inbertsio bat behar bada ETB Nafarroan ikusteko, nola ordaindu krisian bagaude? Tokiko euskarako irratia mututzen bada lau € ez izateagatik, Zer egin? eskaria ez badago…Besteen “ eskuetan dagoen ekimen hau, nola ordaindu krisi honekin? Zerrenda amaiezina izanez, astero entzuten dugu gure inguruko egitasmo bat bertan behera dagoela administrazioak kasurik ez egiteagatik. Normala, krisian gaudenez…

Beste testuinguru batean, eredu liberala onuraren batzuk izan litezke, eta har litezken, baina gure testuinguruan liberalismoak gure kultura hilko du, gu hilko gaitu. Zer da gure inguruan, diruari dagokionez, errentagarria? Guggenheim, eta, hala eta guztiz ere, instituzioek ordaintzen dute (liberalak bai, baina ez beti).

Daukagun eredua ez da onena, arazo asko du, eta aldaketa sakonak behar ditu, baina aldaketa horiek kultura barrutik egin behar dira, edo, gutxienez, planteatu behar dira, ez bankutik, ez enpresari-elkartetik, eta ez (neo)liberalismotik.

Horregatik guztietatik, 29ko greba ez dugu egingo lan-erreformaren kontra bakarrik, jarri nahi diguten ereduren kontra baizik; (gure) kulturaren, (gure) herriaren eta gure kontrako eredua inposatu nahi baitigute.

Posted in Uribe Kostatik kanpo | Tagged , , | Leave a comment

Urtegiak, malakateak eta latsarriak. Ura eta Ondareari buruzko Berbatxango bitxi bat

Gure ondarea eta gure kultura edonon ager daitekeela bistan dago. Zuk uste duzu zerbait arrunta eta eguneroko kontua dela, eta norbaitek, ondo azaldu ondoren, bere garrantzia ikusarazten dizu. Horrela gertatu da Berbots-ek, Aitxu-k eta Egizu-k egindako azken Berbatxangoan.

Erandio. Tartangako latsarria

Izenburua Lehenengo ur azpiegiturak Uribe Kostan zen, ez dakigu nori bururatu zaion izenburu kriptiko hori, baina erakargarria ez omen da. Ainara Martinez Matiak, doktoreak eta adituak (biak batera beti ez doaz), proposatu zituen hiru elementu: Erandioko Tartangako latsarria, Getxoko malakateak eta Plentziako Kastillaoko urtegia.

 Ikusten zena ez zen harritzeko, baina azalpena eta testuinguruan bitartez, beste zentzu bat hartu zuen. Hizlariak higienismoari buruz hitz egin zuen; XIX. mendeko osasunerako interesa, eta bere zio nagusia, hau da, kolerak eta abarrak lantegiko lana ekiditen zutela. Azaldu zigun lan-aspektuak, gizarte-aspektuak, teknika-aspektuak… Parte-hartzaile batek esan zuenez baita genero-perspektiba egon zegon, emakumearen lana eta bizitza islatzen baitzuen latsarriko lana.

Getxo. Malakate Bilboko armarriarekin

Malakateen azalpenek ere oso ondo ulertarazi ziguten bere funtzionamendua eta bere garrantzia, teknika eta historiari dagokionez. Amaitzeko, Kastillaon egon ginen, Plentziako leku ezkutu bat ikusteko, urtegi horrek aro bateko aztarna itzela zein utzita da.

 Zorte egon zen, latsarria Erandioko udalak konpondu baitzuen aurreko astean -agian, Berbotsek antolatuta. Besteetan, aitzitik, eremu utzita eta baloratu gabe aurkitu genuen. Hondakinak ez baziren, aurki izango dira. Bistan dago herriek balorazio eskasa ematen dituztela. Patuak besterik ez du egin gurengan heltzea. Datek bakarrik garrantzia ematen dituzte, gure herriko zaharrenetarikoak dira eta, baina, azalpenak entzun ondoren, zein den bere atzean dagoena, zein den bere jatorria eta nolakoa zen gure bizitza ondo agertu zitzaigun.

Plentzia. Kastillao. XIX. mendeko urtegi.

Hizlariak, perfektuak, hasieratik aitortutako helburu bat zuen: uler genezala hori ere ondarea zela. Ez dakit guztiz lortu zuen, baina alde handi batean dudarik gabe, horrela esaten baitzuten partaideek. Baten batek esan zuen luxuzko txangoak zirela, horrelako adituek ekartzeagatik, eta egia da, gehienetan berbatxangoetara datozen hizlariak, bere arloetan, adituak dira eta (batzuetan adituenetarikoak). Gainera, aukera gutxi dago horietaz aditu horiei entzuteko.

 Hala ere, hobetzeko badago. Azken astebetean propaganda itzela izan arren (Web, egunkarietan, kartelak…) informazio gehiago egon behar da lehenagoa. Beste aldetik, izenburuak ez zuen ematen, kasu honetan, edukia, txangoa oso interesantea eta erakargarria izan arren, izen burua neutroegi zen, eta ez zuen islatzen ikusi zena, agian, beste moduan jende gehiago joango zen (joan gineneko baino gehiago batzeak, agian beste kalteak sor litzake, 30 lagun-edo joan ginen eta)

 Behin pasatuta, irrikan gaude hurrengo Berbatxangoaren zehaztasunak ezagutzeko. Dakigunez, Sopelako errotak izango dira helburuak. Ikusiko dugu. Momentuz eskertzekoa da kontua, euskararen normalizazioen alde ahaleginak egiteagatik eta gure herrietako kultura-hutsune bat betetzeagatik.

Posted in Ekitaldiak/Ekimenak, Erandio, Getxo, Monumentuak, Plentzia | Tagged , , , , , , | 1 Comment

Ohiko ur-azpiegiturak. Hasten dira Uribekostako berbatxangoak.

Erandioko latsarria. Osasun eta giza aurrerapen itzela.

Kultura eta pertzepzioa beti ez datoz bat. Gizabanako askok ez dute bere kulturaren kontzientzia, nahiz eta horren ondorioko talde bateko kideak izan, eta talde horrekin lotura itzela izan. Ondarearekin askotan ber-bera gertatzen da (alderatuko dugu ondarea izateko gizarteak horren kontzientzia izatearen beharra, beste eztabaida da eta). Hori gertatzen zen, adibidez, industria-ondarearekin, urtez urte gureganatzen ari garen arren, eta, halaber, hori  azpiegiturarekin ere gertatzen da. Ze azpiegitura!? Bideak, portuak… eta ur-azpiegiturak.

Egizu-k, Berbots eta Aitxu-rekin batera, berbatxangoa bat eskaintzen digute datorren larunbatean  eskualdeko lehenengo ur-azpiegiturak ezagutzeko. Ez lehenengoak, lehenengo kontserbatuta baizik. Askotan hitz egin dugu hemendik berbatxangoaren onurei buruz, euskarari dagokionez ez ezik -zio nagusia-, gure ingurua ezagutzeko ere oso baliagarriak dira eta.
Indusketa arkeologikoetan askotan agertzen dira azpiegituren aztarnak, batez ere ur ubideak, gizakia hasieratik erosotasuna bilatzen saiatzen da, beraz, aukeran, ura hurbiltzea haren bila joatea baino nahiago izan du. Guztiok ezagutzen ditugu mendiko iturburuak edo iturriak, gehienetan, landuta daude egarria hobeto asetzeko, eta gardentasuna bilatzeko.
Hiriak sortu zirenean, zibilizazio guztiak ura ekartzea eta ura zikina uxatzea izan dira sarritan hirietako buruhauste nagusietariko bi, hor daude erromatarren akueduktuak eta kloakak. Erdi aroko hirietan, ura arazo larria zen, edatekoa zein zikina, azpiegiturak ez izateagatik, bata eramateko, bestea urruntzeko. Horregatik, aro horretan deskripzioetan, askotan irudi  lokatzaz eta zikinkeriaz beteta ematen digute. Oso ezaguna da pelikuletako “AGUA VA!” Leihotik ura bota aurretik, gehienetan “ura…ez edateko ura”. Elorrioko erdi aroko arauek debekatzen zuten, isunaz, leihotik ura botatzea abisatu gabe.
XIX mendean arazo larri bihurtu zen. Ura eta eri askoren erlazioa nabaritu zuten zientifikoek. Horregatik, mende horretan eta hurrengoko hasieran sortu ziren nonahi, urtegiak, ubideak, estoldak etab, adibidez Getxoko malakateak, Bilboko ponpa-etxearen zati bat.

Esandako hirukote horrek, Egizuk, Aitxuk eta Berbotsek (Erandio, Getxo, Sopelako eskualdearen ardatza), Erandioko Tartangako latsarria, Getxoko malakateren bat eta Plentziako urtegia erakutsi digute. Aukera ona, askoz gehiago ez baitago erakusteko, eta horren ondare ezezagunaren ideia hartzeko nahikoa baita. Hizlaria Ainara Martínez Matia izango da. Arte doktoretza izateaz gain, industria- eta azpiegitura-ondareko aditua da. Berak azalduko digu leku horietako testuingurua eta informazio ezkutua.

Ohikoa denez, behin eginda, berbatxangoari buruz “komentario ren bat”-edo hemen ere jarriko dugu. Disfrutatu:

Apuntatzeko:

Sopelan: aitxuizuba@gmail.com / 674.829.618
Erandion: berbots@gmail.com
Getxon: www.egizu.org / 619.935.541

Posted in Ekitaldiak/Ekimenak, Erandio, Getxo, Plentzia | Tagged , , , , , , | Leave a comment

Aste ona!

Aste batzuetan ematen du beste mundu batean bizi garela. UK aldizkaria hartu dut postontzitik. Hasieran, David Cresteloren artikulu bat aurkitzen dut. Horretan, Crestelok jakinarazten digu Plentziako museoko azken ekimena: Matxitxako lurmuturreko gudaren 75. urteurrena. Horren inguruan ekimen batzuk egingo dituzte. Onenetariko ekintzak, nire aburuz jakina, nahasten baitira historia, gizakiak eta hunkigarritasuna. Azken finean kultura, ondarea eta historia sentimendurik gabe, posibleak dira?. Jarraitzen dut aldizkariarekin eta Geologia-ondareari buruzko elkarrizketa bat aurkitzen dut, kasualitatez nire aurreko post-i buruzkoa da, Ander Gomezek argitaratutako liburua hain zuzen ere. Getxoberrin ondare-aktibitatea frenetikoa da Punta Begoñari esker. Alderdi Guztiak ados daude, kasu batzuetan sudurra edo muturra hazi arren. Halaber, Berria egunkarian, Bizkaiko hitza hain zuzen ere, kostaldeko defentsari buruzko artikulu zabal bat eskaintzen digu.

Egizuk sagardotegira eramango gaitu. Jan-edatera? Jakina, baina sagardoa dastatu baino lehen, Irungo Erromatar Museoa bisitatuko da (ondoren ezinezkoa da, antza). Erakunde honek, gehi Erandioko Berbots-ek, gehi Sopelako Aitxu!-k prestatzen ari dira ohiko berbatxangoak; ematen du, udaberriko hurrengo hiruetan gure ondareak oso zama handia izango duela.

Udaletan, gero eta lan gehiago sortzen da kultura eta ondareari dagokionez, edo berriak behintzat: Sopelako Burdin gerrikoa, Barrikako itsaslabarrak, Plentziako museoa eta beste egitasmo batzuk. Eginda edo arazorik gabe? Jakina ezetz, baina gure panoraman, egitasmoekin ia-ia konformatzen gara, gainera egitasmoek udaleko zein herrietako kontzientzia erakusten gaituzte.

Ikuspegi horrekin esan genezake Arabiar Udaberria beharrean, Uribe Kostako udaberrian gaudela. Ez da izango. Baina baikorrak izan behar dugu, askotan esaten dugun bezala, garena gara, hau da, ezin da eskatu gure kultura-testuinguruak ematen digu baino askoz gehiago.

Dena den, hori ulertuta, pozik jar gaitezke hainbeste ekintzak, ekimenak, berriak… gure kultura materialari buruz ikusi ondoren. Orain, beti esaten dugun bezala, disfrutatzeaz gain, parte hartu behar dugu ahaleginak ez galtzeko.

Posted in Ekitaldiak/Ekimenak, Sailkatugabeak | Tagged , , , | Leave a comment

“Argituz”, Barrikako itsaslabarrari buruzko beste(?) liburu bat

Ander Gómez Blancok “Argituz” liburua argitaratu du. Liburuaren gaia geologia da, Barrikako itsaslabarrak hain zuzen ere. Gai hori jorratzen da era bitxi batean: egileak nahasten ditu geologia, argazkigintza, paisaia, natura eta sentimenduak, dena batera. Hainbeste elementurekin edozein gauza atera liteke, baina Argituz-ek nahiko emaitza orekatua ematen digu. Egileak aitortzen du bere bi grinak lotu dituela liburuan: geologia eta argazkilaritza. Pozik egon behar da, nire aburuz, lan polita ekoiztu du eta.

Liburuaren azala

Lehenengo eta behin, esan behar da egileak berak egin duela argitalpen prozesu osoa, beraz, lana eta sufrimendu erraldoia seguru asko pairatu du, eta pairatuko du inbertsioa berreskuratzeko. Garrantzia handiko kontua da hori emaitza baloratzeko unean.

Duela gutxi agertu da egunkarietan Getxoko itsaslabarrei urrezko iltzea eman dietela. Propagandaz gain, dakigunez, gure kosta, Getxo, Sopela eta Barrika batez ere, formazio geologiko bereziz josita dago. Kosta osoan geruzak ondo ikus daitezke, eta ondo ere uler daitezke. Informazio asko, ordea, ez dago, eta eskertzekoa da, beraz, honen bezalako argitalpenak.

Hiru zutabe dauzka libruak: Argazkilaritza, geologia eta zabalkuntza; hirurak edertasuna eta sentimenduaren orratzaz josita.

Argituz argazki-liburua da. Egileak estratuak, harriak eta hondarra ditu jomuga. Argia, testura materiala… bere ikuspenetik heltzen zaigu. Politak. Argazkiek erakusten digute naturaren ikusgarritasuna.

Argituz geologia-liburua da. Horretan azaltzen dira gure kostaldeko elementu nagusiak, eta, eskematxo txikietan, piperrik ulertzen ez dugunoi argitzen zaigu: geruzak nola sortzen diren, nola tolesten diren, higadura…

Argituz dibulgazio-liburua da. Ezer ez dakigunoi disfrutarazten digu argazkiekin, azalpenekin eta, amaitzeko, paisai errealarekin. Daukaguna, geologia-ondarea, hau da, ondarea baloratzen ikas dezakegu horren medio.

Geologiak egun gozoak bizi ditu, egunkarietan sarritan egoteaz gain, argitalpen berriak ere bere inguruan sortzen dira. Mugitzen ari da, dudarik gabe.

Liburua euskaraz eta gazteleraz idatzitako dago. Beti ez da itzulpen zuzena; ematen du egileak bere esan-beharra bi hizkuntzatan zabaldu duela. Ondo dago, hori elebitasuna da eta. Esan liteke bi liburu egin dituela, beste egilearen meritu bat. Aitzitik, bertutearekin batera hemen egin liteke kritika bat. Pasarte batzuetan nabaritzen da egileak ez duela euskaraz idazteko ohitura handia, eta zailagoak irakurtzen dira (itzultzailearen profesionaltasuna… beharrezkoa da batzuetan). Dena den, esan dugun bezala, egileak berak lan osoa eginda, meritua, kalitatea eta interesa ez dio kentzen lanari.

Barrikak ez du oso bibliografia handirik, beraz, argitalpen guztiek ongi etorria merezi badute ere, onak badira, honen bezalakoa, askoz gehiago.

Posted in Barrika | Tagged , , , , , | 1 Comment