Berriako eskela batean bere heriotza irakurri dut. Ezagutu nuen Bakarne duela urte asko. 15 urte nituen eta euskara, amama erdara ia-ia ez jakin arren, munduan zegoela konturatu berria nintzen. Ez nuen ondo ezagutzen Bakarne. Ez dakit pertsona ona ala txarra izan zen. Bere ondokoek jakingo dute. Niretzat, dudarik gabe, pertsona garrantzitsua izan da.
Bakarnek antzinako Gobela ikastolan euskara irakatsi zuen. Etxe zahar eta polit hori Gobela kalean kokatzen zen. Bere sotoetan gau eskola zegoen. Goizean umeak ziren ikasleak, gauean eta sotoan, aitzitik, nagusiak. Horrelakoa zen aro ilun hori. Bakarnek irakatsi zidan lehenengo “ni naiz”. Bakarnek ere piztu zidan kultura eta hizkuntza horren gustua eta interesa. Pista galdu nion, noizbehinka hedabideetan zein kaleetan ikusi arren.
Bera ziur nitaz ez zen gogoratzen, jende asko, urte asko, ikasle asko… Irakasleen madarikazioa da: jende askorengan uzten duzu marka gero pista galtzeko. Hala ere, nik beti bere irudia izan dut nire buruan, nire bizitzan eta nire kulturan garrantzi izan zuen eta.
Gobela Ikastola zaharra suntsitu egin zen, Bakarne ere joan izan da. Bere lana eta bere gogoa, ordea, gure ariman eta gure gogoan geratuko da besteentzat pasatzeko. Gu ere joango gara eta ahantzia dena beteko da, marka hori, aldiz, gizadiaren zati batean, era batean edo bestean, jarraituko da.
Eskerrik asko, Bakarne.