Getxoko Aldapako tanatorioa… heriotza

Duela 50 urte kontatu bagenu Getxoko Aldapa auzoan tanatoriorekin gertatzen dena ez ziguten ulertuko.  Askok dakizuenez, tanatorio bat jarri nahi da auzo horretan, eta auzokideak (askok, gutxik, batzuek…) egitasmoaren kontra daude.
Ez naiz sartuko eztabaidan, han ez naiz bizi eta. Dena den, ez litzaidake  gehiegi inportatuko. Auzokideek protestatzeko eskubidea dutela argi dago. Hala eta guztiz ere, egitasmoaren kontra entzuten diren gauza batzuk harritzekoak dira. Adibidez, uholdeekin lotu da arazoa. Norbaitek esan du uholdea balego “desastre ecológico“ izango litzatekeela. Ekologia-hondamendia???!!! Zein izango da? Gorpuak ibaian? Errautsak? bulegoko tonerra?… Ez dakit, defentsa batzuk etsaiek egiten bide dituzte.
Esan dudanez ez naiz eztabaidan sartuko, kexetako arrazoia argi baitago: heriotza urrun nahi dute (dugu).
Gizakiak heriotzaren aurrean beti errespetu handia izan du, izan ere, bere erritoak ez ziren heriotza urruntzeko edo hildako urruntzeko, heriotza naturala baitzen. Erritoak ziren heriotzari errespetua erakusteko eta horrekin elkarbizitza izateko.
Ez dakigu zer gertatzen zen paleolitoan hildakoekin. Hori dagokionez, antropologoek esaten dute gizakien ezaugarri nabarietako bat hori dela, heriotzaren aurrean jarrera, animaliarenaren kontra.
Hurbilago joan gaitezke, Erdi aroan hilerriak eliza inguruan zeuden; herriko bizitza ere eliza inguruan zegoen. Bizitza-etxea-eliza-heriotza… dena lotuta zegoen. Une batean, Erdi aroa amaieran, eliza barruan jartzen ziren hilobiak. Baserri guztiek hilobi bana zituen hilobia eta etxea berbera zen eta. Denbora pasa ondoren, osasunari zegokionez arazo larriak sortu ziren: hilobiak, hezurrak eta lurra nahasten ziren askotan ordenarik gabe. Momentu horretan, prozesu berri bat sortzen hasi zen, hau da,  hemengoak eta hildakoak elkarrengandik urruntzen hasi ziren; aldiz, ez bizitza eta heriotza, erlazio hori apurtezina baita.
Kanpoko hilerriak eliza ondoan jarri ziren, hildakoak leku santu batean egon behar ziren eta. Jendea hilerritik pasatzen zen ia-ia egunero mezara joateko. Utzi genituen mezak eta urrundu genituen hilerriak. Dena den, gorpuak hor zeuden, gure aitak, gure amak, gure aiton-amonak leku berezi batean zeuden, eta leku horrek heriotza gogorarazten zigun.
Orain gehienetan errausten ditugu gorpuak eta haizeak aldentzen ditu. Egiten ditugun hiletetan sarritan gorpurik ez dago, eta gure seme-alabei ezkutatzen dizkiegu hiletak eta gorpuak: “gizajoa! Zertarako ikusi behar du aitonaren gorpua?! Entzuten da askotan.
Heriotzatik ihes egiten dugu… nekez, hilko baikara (gogoraraztea ere!).
Aldapatarrek ez dute tanatoriorik nahi.  Nahiz eta bere argudioetan Auschwitz krematoria eman bere kexa-eskubidea dute. Guztiok bezala heriotzatik ihes egiten (nahi) dute, guztiok bezala, nekez.

This entry was posted in Getxo and tagged . Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


5 + = 9

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>