Aitortu behar dut, hasi baino lehen, sirenarraren kontua ihes egiten zaidala (sirenoa ez dugu esango, kasu honetan agian propioagoa den arren) . Ez dut ulertzen. Oso ondo iruditu zitzaidan bere unean, Getxophotok eskegi zuenean. Getxophoton egiten den ia-ia gauza guztiak ondo iruditzen baitzaizkit. Originala, kulturala eta hezitzailea da Getxophoto. Horretaz gain, jendea erakartzen du, alboko herriko biztanleek bere etxean ez dutena ikusi eta disfrutatu nahi dutelako, “inbidia” pasatzen dutelako. Hori turismo sanoa da, ezta?.
Hortik gaurko sirenarrara bide luze bat dago. Ez dut sartuko dirutan, administrazioek diru gehiago gastatu ohi baitute tontakeri handienetan. Baina, zer da sirenarrarena? Alkatearen diskurtsoa izan da, niretzat, deigarriena: “ilusionante”, “emocionante“, “vanguardista” eta halako hitzak erabili zituen aurkezpenean. Hotzegia izan behar dut baina “ilusionante” eta “emocionante” hitzek gehiegikeria hutsa ematen didate. Nahasten da kultura: argazkigintza; Getxoko ekitaldi arrakastatsu bat: Getxophoto; sukaldaritza: Canalesek egindako pintxoa; eta ondarea: Portu Zaharra. Nahasketa hori lehertzen ez bada, miraria izango da.
Helburua deigarria izatea da, antza, kanpotarrak etortzeko (betikoa, turismoa ekarri). Ondo ulertzen dut pintxoarena, Portu Zaharrarena, eta Getxophotorena. Getxoko primerako ekitaldiak dira, eta bere promozioak ez du zalantzarik, beharrezkoa da eta, pintxoa ere bai. Baina sirenarrarena ez dut ulertzen, ez dut esaten txarto dagoela, baizik eta ez dudala ulertzen. Udalak ez du ere ulertzen, horregatik erabiltzen du bere kanpainan “hizpidea eman”. Erdaraz esaten da “que hablen de uno aunque sea bien”. Ematen du hori dela helburua.
Dena den, jomuga hori bada, beste ideia batzuk gehi daitezke, adibidez, gizon-sirenaren ordez,bikote bat larrua jotzen jarri balitz, deigarriagoa izango zen, eta komentario gehiago sourtuko zuen kontuak, dudarik gabe. Seguru aski, jende gehiago ere Getxora hurbilduko zen, pintxo eta Portu Zaharra jotzera, bikote bezala.
PPk oraindik ez du ezer esan. Arraroa. Arrue itxaroten ari da, hamar pertsonak esaten badiote hori tontakeria dela sekulako iskanbila muntatuko du, bestela ez, botoa botoa dela.
Niri, lehen esan dudanez, sirenarra gaindikatzen zait, ez dut ulertzen. Ondarearen alde egiten omen da, Landaren arabera behintzat, bitartean Harino Panadera suntsituak Getxoko benetako kultura-maila erakusten digu.
