Karlistak Lutxanan?… barrikadetara!

Datorren 4an Erandion Berbotsek programa interesantea antolatu du:.Historiatik ikasten: Lutxanako bataila 1836:

Kontziertua: JosebaTapia  eta tiro eta tunba Azaroak 4a. 22:30etan: Azoka zaharrean

Erakusketa: Karlistadak Lutxanan Udaletxeko erakusketako gelan Azaroaren 2-4an

Hitzaldia: Aitzol Altuna: Karlistak eta independentistak Lutxanako guda. Azaroak 4a, 19:30etan Udaletxeko erakusketa gelan.

Noizbehinka entzuten da Euskal Herrian karlista hitza, gutxiago estatuko gainontzeko lekuak. Desberdintasun horien zioa ez da azaltzeko zaila: Karlisten kontua Espainiako erreinuari zegokion arren, gure mugetan oso zentzu berezia izan zuen. Hemen, tradizio, erlijioa, nekazaritza, udal antolamendua eta kultura desberdina nahasten ziren koktel berezia eratzeko. Horregatik, oraindik hitz egiten da horretaz; horregatik, Euskal Herrian Karlista Partidua existitzen da; eta, horregatik, gure mendietan aurki ditzakegu lubakiak, posizioak eta guda horren aztarnak.

Lutxanako bataila

Hala ere, ez da ohikoa Erandion gertatuko dena. Ez dut gogoratzen horrenbesteko hitzaldia. Karlistadak galtzen dira memorian. Zergatik hori? Alde batetik, lehen esandako koktela nazio-arazora eramaten gaitu, beraz, Espainiako agenteek nahiago dute ez mugitu; bestetik, tradizionalismoa ere bere etsaia da, ezkerrak ez du nahi ezer beraiekin, eta eskuma, eskuma nazionalista ezta ere, jainkojaleegiak ziren eta. Hau da, inori ez zaio interesatzen horretaz aritzea. Gainera, historian naturala denez, denbora ere beren kontra doa.

Alzeihmer historikoa pairatzen da; askotan, aurre-historia gogoratzen eta goraipatzen dugu, eta duela gutxiko gertaerak, ordea, ahazten ditugu. Hala eta guztiz ere, guk zapaltzen dugun lurrean duela 150 urte (historian gutxi) sekulako gatazka egon zen. Bere unean guda zibila zuen izena, orain izen hori ere ahaztuta (izan ere, XIX. mendeko iturriek askotan deitzen diote: “la primera guerra civil”). Gogoratzen dut eskolan beti kontatzen zigutela Zumalakarregi Lutxanako zubian hil zutela, esaldi eginda zirudien; denborarekin konturatu nintzen zubi horretatik egunero pasatzen nintzela.

Horregatik, non gauden guri gogorarazteko, eskertzekoa da Berbotsek ematen digun aukeran, hain ezaguna bezain ezkutua den gaiari buruz hitz egitea beti interesantea da eta. Euskaraz egingo da, gainera, eta horrek esan nahi du posiblea dela edozein gauza ekartzea euskaraz, ondo programatzen eta zabaltzen bada. Espero dezagun azkena ez izatea, eta ikasteko aukera gehiago izatea.

Kategoria: Erandio Etiketak , , , , . Gorde lotura.