Pasa den astean sekulako jaia izan genuen. Ez, konstituzioarena ez, ezta Sorkuntzeko jaia ere. Durangoko Liburu eta Diska Azokaz idazten ari naiz. Urtero aipatzen dudanez, dudarik gabe, Euskal Herriko kultura-egitasmo nagusia, aspektu guztiengatik.
Ez dakit noiz joan nintzen lehen aldiz, duela asko. Niretzat betidanik bi helburu izan ditu. Alde batetik, nobedadeak aurkitzea, batik bat, urruneko nobedadeak, eta, bestetik, giro ezin hobean parte hartzea.
Aurten, Azoka amaitzean bere zuzendariak agurra eman digu. Jon Irazabal azokaren burutik baztertuko da, lekukoa beste bati pasatzeko. Arrazoia ez da ohikoa “zio pertsonalak”, edo beste edozein aitzaki faltsu: Aro desberdin batean gaude, eta azokak zuzendaritza berria behar du, aro horrekin bat etortzeko. Hori da arrazoia.
Ezagutzen dut Irazabal, eta ezagutzen dut bere pentsaera (ahal bada). Bere arima zatituta dago tokiko eta unibertsalaren artean. Alde batetik, bere herria eta bere eskualdea du beti jomugan, hango kultura bultzatzen, hobesten eta, batez ere, eta ez da makala, beste askoren lana errazten. Bere lana, beti Gerediaga Elkartean bideratu du, oraingo Durangaldeko oinarrizko kultura-lanabesa. Biei esker, Durangaldeak oso identitatea sendoa mantentzen du Bizkaian; identitatea daukalako bai, baina, batez ere, mantendu duelako eta balioan jartzen duelako (beste eskualdetan horrela gertatuko ahal da!).
Irazabal aspaldian ezagutu nuen indusketa arkeologiko batean. Bera ez zen inor. Kultura zale bat besterik ez. Hala ere, lortu zuen arkeologoek lo egitea leku duin (eta doan) batean (orain bota nahi duten Iurretako Abadetxe eraikin polit hori) eta diru pixka bat lanak hasteko, ez Iurretan, Garain baizik. Horrela izan da bere tokiko lana askotan, anonimoa eta, gehienetan, eskergaitza, ezinbestekoa izan arren.
Beste aldetik, Unibertsala, Irazabelek berak mantendu nahi duen muga zeharkatzen ditu. Durangoko azoka, lehenengo arkupean, gero merkatuan, toldopean eta, amaitzeko, aproposeko eraikin batean hamaika pasadizo eta arazo izan du. Hala ere, azkenean, gure kultura isla nagusia da munduan, Frankfurt, Madril edo Bartzelona bezala, gure neurrian, baina haren maila.
Nahiz eta Azoka oraintxe bertan desagertu, gure literaturako eta gure kulturako funtsezko elementua izan da, agian, Nazio erreferente bakarra, ofiziala behintzat. Hori lortzeko hamaika arazo pasatu behar dute antolatzaileek. Orain irribarrez kontatzen dituzte askotan, baina bere unean arazo horiek: ekonomikoek, politikoek, polizialek (eta ez gutxi), baita teknikoek ere. disgustu bat baino gehiago eman diete.
Jon Irazabalek bere buru baztertzen du, eta aro berri bat hasten du. Betiko moduan egiten du: apalaz eta umilaz, beste engranaje bat besterik ez balitz bezala. Era berriekin bat datorren pertsona berri bat behar da azokaren arazo berriak aurre egiteko. Espero dugu bere hurrengo lanean zuzendaritza berriari laguntzea, sektorearen arazoak eta datozen aldaketak itzelak dira eta.
Hau irakurri ondoren ematen du Jon Irazabal hil dela (barkatuko dit), baina, dakigunez, ez da horrela. Horregatik, aldatu dut izenburua, Jon Irazabal ez da hil, baina bere aroa, gure aroa, joaten ari zaigu.
