Iparra galdu gabe: iparraldea (ber)aurkitzeko aukera

Getxon kultura eskaintza nahiko ona dugula ez da berria, hobe izan litekeen arren, jakina; krisiari leporatuko diogu, nola ez!  Irailean eta urrian batez ere, eskaintza itzela ohi dugu: Getxophoto, Ondareko Jardunaldiak  (aurten tristeak), antzerkia… eta Iparra galdu gabe (programa .pdf-n).

Iparra galdu gabe-k iruzkinaren bat merezi du. Gutxik dakitenez, jardunaldi horietan (V. aurten) Iparraldea guregana hurbiltzen saiatzen dira, E.K.E. (Iparraldeko Euskal Kultur Erakundea) eta Getxoko udala hain zuzen ere. Oiartzun txikia dute hedabideetan, eta kritikaren bat Iparraldea atzerria da eta, betiko kritikak eta betiko kritikoak: kulturatik kanpo, errealitatetik kanpo eta artikulu honetatik ere kanpo.

Jardunaldiak, aitzitik, oso ondo planteatzen dira. Ekartzen diren ekitaldiak, bi zentzuetan banatzen dira, edo Iparraldeko bitxikeriak ezagun ditzagun, edo bertako eta hango antzekotasun ezagunak kontuan har ditzagun.

Hitz enea erakusketa, bitxia izan da, erakusketa “txarto” jarrita iruditu arren, primeran bete du funtzioa, geltoki plazetan. Kokapen horietan, ibiltariak geldiarazi ditu, bere atentzioa eman dio eta. Ikusi dutena ez da ikaragarria izan, argazki sinpleak; garrantzitsuena ez da argazkigintza edo teknika, objektuak baizik: izenak, etxe-izenak, iparraldeko zein Getxoko etxe-izenak. Hor parekotasuna! 150 km, mugak, administrazioak, Euskal Herriko bazterrak… eta etxeek izen bera edo antzekoa dute, jabe bera ote da? Edo hemengo adreiluaren sukarra esportazio kulturala? Izan liteke, baina ez da.  Fenomeno horren izena kultura da. Bitxia izan da erakusketa. Elementu sinple batekin, etxeetako errotuluak, errealitate konplexua erakusten digu. Horretarako dira erakusketak.

Horretaz gain, Hemengo eta hango bertsolariak ikus genitzake; nor zen nongoa? Gainera, dokumentalak, hitzaldi dibertigarria(!?), (existitzen da hori?), dantza… ikus genezake. Laburbilduz, bi mundu nahastuz eta mundu bat erakutsiz.

Iparralde eta Hegoaldeko konparaketak, niretzat Gaztela eta Andaluzia  bezalakoak beti izan dira. Desberdintasunak hartu nahi badugu ehunaka aurkituko ditugu, baina parekotasunak ere ehunaka aurki litezke. Iparraldeak eta Hegoaldeak oso historia desberdina izan dute, azken bi mendeetan batez ere. Frantziako iraultza eta bi Munduko Gerrak alde batean, eta atzerapena, Guda Zibila eta Frankismoa bestean. Halaber, mugak eta estatuak saiatzen dira, gero eta gehiago, banatzen eta berdintzen; azken finean, horretarako sortuta daude estatuak. Hala ere, desberdintasun horien azpian, euskal mundua azaltzen da; gure mundua, berezitasunez, akatsez eta gabeziez beteta, baina gurea, Zer egin!

Jardunaldiek irekitzen digute leihoa gure etxeko auzokide ikusteko, aztertzeko, eta ulertzeko auzokidea dela, etxe bera eraiki dugula eta etxe beratan bizi garela, nahiz eta dekorazioa askotan arrotza izan. Aldeak alde, ulertu behar dugu itoginak, zorionez eta zoritxarrez,  etxe berberean daudela, eta, beraz, guztienak direla.

Kategoria: Ekitaldiak/Ekimenak, Getxo Etiketak , , . Gorde lotura.