Bildu eta Getxoko ondare-politika: bide zuzenean urrats bat

Gaur, asteartean, mozio bat aurkeztu du Getxoko udalaren Osoko Bilkuran Bilduk. Laburbilduz, mozioak azpimarratzen du kultura-ondarea utzita dagoela, eta  utzikeria hori moteltzeko, krisiaren eraginda, auzolana proposatzen du Bilduk.

Galeako gotorlekuko barruko ikuspegia

Aipatutako mozioa laburra da, horrela izan behar du eta; beraz, dokumentuak idei asko aipatu gabe uzten ditu. Hala ere, aipatzen dituzten elementuek liburu bat idazteko balioko lukete, idei bilduma erraldoi bat ezkutatzen dute eta.

Lehenengo eta behin, iruzkin filosofikoa egin daiteke. Ezkerra ez da izan inoiz oso ondare-babeslea. Bere jomugak beti egon dira aurrean; eredu zaharrak hausteko besterik ez ziren. Eskuinak, ordea, joera kontserbatzailea izan du, azken finean, lehengo egoera eta satus quoa mantentzea izan da beti haren helburua. Getxon, baina, idei aldaketa horren inguruan gizartearen aldaketa ondo ikus daiteke. Ezkerreko alderdiek mozioak aurkezten dituzte (PSEk ere baten bat aurkeztu du), ondarearen egoera salatzeko; eskuina, ordea, desagertuta dago gai horretan (kontra ez doanean). Ezkerrak, ondarean, sustraiak, nortasuna eta giza baloreak ikusten ditu, antza; eta eskuinak, berriz, liberalismoz bustita, etekinak eta etorkizun-aukerak besterik ez ditu ikusten. Horrela omen da.

Baina itzul gaitezen dokumentura. Onura asko ditu, eta zalantzaren bat ere bai. Onuren artean, garrantzitsuena da, dudarik gabe, ondarea multzotzat hartzea. Ez dihardu monumentu batez, ondare osoaz baizik. Uste dut gure udalean halako ikuspegia lehenengo aldiz gertatu dela. Mozioak onartzen du ondarearen egoera latza eta utzia dela. Bistan dago, baina oso komeni da kontzientea izatea.

Beste aldetik, mozioak krisiari leporatzen bide dio errua. Argi dago zergatia ez dela hori, ondarearekiko sentiberotasun falta baizik. Agian, diagnosi hori politika arloan jarri behar dugu. Berdin da, azken finean, krisiak ondarearen egoeraren errua ez izan arren,  parte handia du konponketan eta, egun, oztopo larriena da.

Ondare utzi hori konpontzeko, auzolana proposatzen digu Bilduk. Auzolan berezia, udal teknikariek zuzenduko lukete auzolana eta, ondarearen ezaugarriak bereziak baitira. Medioak ere Udalarenak izango lirateke. Berriro asmatzen du Bilduk. Auzolanak onurak ditu, eta oso baliagarria da leku askotan esku-hartzeko, baina ondarea berezia da. Esku-hartze batzuk oso konplexuak dira, eta teknika bereziak behar izango dituzte. Hau da, gehienetan udal teknikariak ez dira izango nahikoak.

Lan batzuetan, teknikari horiek, behin egitasmoa onartuta, nahikoa izan litezke, beste batzuetan, ordea, arkitekto espezializatuak edo zaharberritzaileak beharko dira; bestetan, Aldundiaren baimena lortzeko, prozedura oso araututa beharko da. Edozein kasutan memoria bat bete behar da, esku-hartzea dokumentatzeko, eta hurrengoetan egindakoaren jakinaren gainean egoteko… Hau da, kasu asko eta anitzak; horregatik kasuz kasu aztertu behar dira elementuak: ezaugarriak, beharrak eta neurri egokienak. Punta Begoñako lanak, adibidez, oso konplexuak izan litezke (auzolanaz kanpo dudarik gabe); latsarria edo bunkerra ez, aproposak izan litezke, eta nahiko errazak, aplikatzeko Bilduren proposamenaz. Ez dago funtzionamenduko eredu bat, beharrezko lanak oso anitzak dira, garbiketa sinpletik berreskuratzeko lan konplexuetara.

Kritikak kritika (beti egin litezke), ezin da ahaztu ondarea multzotzat hartzen duela Bilduk: elementu handiak eta txikiak, tokiko baloreak dituztenak eta balore itzela dutenak. Halaber, diagnosi zuzena egiten du: utzikeriaren ondorioa da haren egungo egoera tamalgarria. Amaitzeko konponketarako bide bat, berria eta imajinaziozko bide bat. Aztertzeko eta ez ahazteko proposamena Bildurena, batez ere, udala inplikatuko balitz ondarearen kudeaketan (derrigorrezko baldintza).

Ez dakit zer pasatu den, litekeena da mozioa bertan behera geratu izana; baina ondareari buruzko hausnarketa hor geratuko da, orain arteko multzoko hausnarketa onena, laburra izan arren. Izan ere, onura eta zalantzekin, oinarri ona da, ondare politika bat izateko. Ez politika ona edo txarra, politika, besterik ez, orain arte, ondare-politika  ez du inork eduki eta (kultura-politika ere ez?).

Kategoria: Ekitaldiak/Ekimenak, Getxo, Monumentuak Etiketak , , , , . Gorde lotura.