Etnotoponimia Erandion, gai arraroa, eta, aitzitik, hor dago koska

Askotan hitz egiten dugu gainetik gure ohiturei buruz. Askotan entzuten da zerbait baserriko gauza dela, baserriak Saharan egongo balira bezala. Askotan uste dugu gure aiton-amonetako kontuak desagertuta daudela, eta liburuetan besterik ezin direla aurkitu. Eta ez da horrela, ez beti behintzat.

Ohiturak, erak, kulturari nortasuna ematen diotenak, hau da, etnografiaren inguruan dauden elementu guztiak, aztarnak uzten dute guregan. Guztiz desagertzea zaila da, eta, akulturazio itzela pairatu arren, beti aztarnaren bat aurki ditzakegu. Dena den, ezin da ukatu azken 40 urteetan mundu bat desagertu dela. Industrializazioak, globalizazioak eta, orokorrean, gure garaiak milaka urteetako bizitzaren kontra jo du, ia-ia amaitu arte.

Horregatik, Berbotsek eskaintzen digunean Erandioko etnotoponimiari buruzko txango bat asko komentatzeko badago. Lehenengo eta behin, aukera ona dela arlo horri buruzko zerbait entzutea; eta eskertzekoak direla Berbatxangoak, aukera hain erraza eta emankorra emateagatik. Halaber, Erandiori buruz gauza asko esan daitezke. Erandiok oso gizarte-geografia konplexua du. Kanpotarrak soilik Bekoa (Altzaga) ezagutzen dugu, eta erdipurdi; industriaz beteta, itsasadarrean, industria-iraultza lekukoa, langile-gunea, eta akulturazio basatia sufritu duena. Horrekin batera, Astrabudua, esandakoaz gain, oso isolatuta eta, halaber, dentsitate handiko auzoa; bi horiek Bilbo Handiko bihotzean. Baina Erandio askoz gehiago da. Bere lurraldea Artxandako magaletik igotzen da eta Martiartura edo Unbera heltzen da, hau da, baserri-guneak, gune itxiak. Duela gutxi arte; hango jendea ohiko lanetatik bizi izan da, eta ,bai ohiko arkitekturan, bai ohituretan aberatsa da. Litekeena da Erandiok Euskal Herriko udal adierazgarrienetarikoa izate: gure historia osoa hor adierazten da eta.

Beraz, Berbotsek hobeto ezagutzera gonbidatzen gaituenean, gehienok ez dugu ezagutzen ezer, ezta lekuak ere: Non dago Faoeta (Fano) hori ba?. Ba… hementxe bertan, egunero pasatzen dugu bere muturretatik. Beraz, aukera ezin hobea, leku berriak ezagutzeko, eta aukera ezin hobea gai horretaz zerbait entzuteko, ez baita erraza. Euskal Herrian oso goiz aztertu genuen tradizioak, eta ohiko bizitzako erak (Barandiaran, Aranzadi…) baina azken urteotan nahiko geldirik egon da. Beste aldetik, asko zabaldu ziren tradizio asko, baina hizkuntzarenak ez. Izan ere, horiek oso zailak, lehorrak eta kultuak ohi dira, gutxiengo batentzat; eta, aitzitik, sekula informazio atera daiteke hortik, landareak, ura… nola sortzen diren toponimoak, nola sortzen ditugun euskaldunok, nola azaltzen duten izen horiek gure mundua eta gure bizitza…

Labayru Ikastegiak oso lan handia egin du Bizkaian horretaz. Eta horren barruan Fredi Paiak gure eskualdea aztertu du. Oso ezaguna da Paiatar hau, hortaz ez da gehiegi esan behar, Bertsolaritzan entzun ez badiozue, hedabideetan (tokiko zein orokorrak), irakurriko duzue, edo…. Hamaika aukera dago berarekin topatzeko, kultura arloko edozein bazterrean. Aproposeko gidaria omen da. Busturia eta Maruriri buruzko argitalpenetan berak lan egin zuen, eta baserrietan inkesta asko egin ditu.

Eguraldiak laguntzen badu, gustura pasatuko dugu larunbateko goiza, gure baserri, ohitura, toponimia, hizkuntza eta lagunen artean.

Kategoria: Erandio, Sailkatugabeak Etiketak , , , , . Gorde lotura.