Uribe Kostako dorretxeak

Pasa den astean eskualdeko euskararen aldeko elkarteek txango interesgarria proposatu ziguten: Uribe Kostako dorretxeak. Dakigunez, askotan agertu dira blog honetan Berbotsek, Aitxuk eta Egizuk (Erandio, Sopela eta Getxo). Hirurek noizean behin zerbait berria ezagutzera eramaten gaituzte: natura, arte, ohiturak, historia… denetariko, eta beti bitxia eta interesgarria.

Martiatuko barruko aldea. Azken erabileraren aztarnak.

Martiartuko barruko aldea. Azken erabileraren aztarnak.

Uribe Kostako dorreak entzunda, Martiartu dorrearen irudia datorkigu, jakina, baina ez da bakarra, ezta hurrik ere. Txangoan Martiartu ikusi genuen, kanpotik zein barrutik. Oso ezaguna da dorrea kanpotik, gutxi barrutik, eta, ordea, ondo ulertzeko barrura sartu behar da. Hor, Unai Aurrekoetxeak, arkeologoak eta elkarteek aukeratu zuten gidariak, azaldu zigun dorrearen faseak zeinak ziren, mendeak, leinuak, jatorria, zergatiak eta ezaugarriak. Primerako bisitaldia izan zen. Azalpenez gain, barrura sartzeko erandiotarrek egin zuten ahalegina eskertzekoa izan zen, ezohiko ikuspuntua da eta. Dorrea, XV. mendean agertzen da dokumentazioan, eta hortik baserri bihurtu arte, aldaketak azter daitezke bere hormetan.

Hurrengo geldialdia Leioan izan zen. Ondizko dorretxea, dorrea ez den dorrea. Udalak

Ondizko dorrea, berreskuratu ondoren

berreskuratu du, eta, kritikak kritika (hemen ere egin ditugu), ondarean esku-hartzearen onuraren lagin on bat da. Bitxia da aldaketa, dorretxetik baserrira, eta baserritik, berriro, dorretxera. Hango azalpenak eta galderak arkeologikoagoak izan ziren, zergatik bolumenak kendu diren, nola aukeratzen den mantentzeko zerbait, nola jakiten den… Gidariak eta gidatuak galderak, erantzunak eta iruzkinak barra-barra bota zituen. Dorretxe honetan indusketek XVI. mendera arte heldu ziren, eta zaharragoa ez omen dago: jauregia da, antzinako erara eginda izan arren, militar estetika du, baina guztiz zibila da.

Berangoko Basagoiti

Amaitzeko Berangora, Basagoiti dorretxera. Oraingo baserriak ondo azaltzen du bere iragana, aldaketak aldaketa. Hango baserritarrek pozaz edo etsipenez “inbasioa” jasan zuten. Abisatuta zuten bisitaldia (bisitaldia hitzartuta omen zuten jabeekin). Dokumentazio zaharrak aipatzen du dorrea XV. mendean, baina ikusten diren aztarnak, Unaik esan zuenez, XVI. mendekoa dira (puntadun leiho bikiak, adibidez), beraz, beste dorretxe zaharragoa egon zen leku honetan (arkeologo eta historialarientzako lana)

Otxandategi dorretxea

Horren antza, baina hobeto kontserbatuta, Berangoko Otxandategi dorretxea bisitatu genuen. Oso aldatuta egon arren, elementu asko kontserbatzen ditu: XVI. mendeko puntadun leihoak, XVII. mendeko armarria… Armarri hau Berangoko udalak udaleko armarritzat onartu zuen duela gutxi. Armarriaren historia irakasten digu historiaren eragina XX. Mendean. Berangok bere historia onartzen du, eta mendeak mende, armarri hori udal nortasuna adierazteko onartzen du. Bitxia.

Ustekabe galanta hartu zuen jendeak, ez baitzekien gure etxe ondoan dorre horiek zeuden. Hala ere, zerrenda askoz handiagoa da. Ez zen bisitatu eta merezi zuen, Plentziako dorrea, Sopelako Bareño, Berango dorrea, hondakina izan arren, Erandion Goikotorre, Asua, Bekotorre, baserri bihurtuta, Getxon zegoena, auskalo non zegoen…

Eskualdea oparoa da dorretxeei dagokienez, ordea, galduta daude Euskal Herriko multzoan. Txango horien onura nagusia hori izan da: jende aurrean jartzen dela jendeak aurrean duena, baina ikusi eta ezagutu ez. Gure ondarea modu horretan soilik balora daiteke, besterik ez.

Kategoria: Berango, Ekitaldiak/Ekimenak, Erandio, Leioa, Monumentuak Etiketak , , , , , , , , , . Gorde lotura.