Jaurlaritza berria; tokiko eragina, handia

Jaurlaritza berria dugu. Zaharrak berri! Gure inguruan politikari buruzko berriek, instituzioeiburuzko berriek, oso hedapen itzela dute, sarritan egindako politikak baino gehiago. Urrun dago Gasteiz, urrun dago Jaurlaritza, eta erraza da pentsatzea eragin erreala ez dela izango, azken finean, zer jakingo duten gutaz, Gasteizen daudenak!

Hala ere, gure eguneroko gai asko pasatuko dira bere eskuetatik: lana, ekonomia, heziketa… eta, nola ez, kultura. Cristina Uriarte izango da sailburua, ez dut ezagutzen, gure politikan Bizkaian behintzat, ez baita oso ezaguna. Hark Hezkuntza eta Kultura lotuko du, ez da makala. Saila horretaz gain, eragina handia izango du beste saila batek ere, Ingurumen eta Lurralde Politikak, hain zuzen ere. Saila horrek lurralde antolakuntza kudeatzen du: hiri-arau asko, handienak, baina tokiko asko ere bai: HAPO, besteak beste (Hiri Antolamendurako Plan Orokorra [PGOU]). Gure herrietan indarrean jarriko diren HAPOak eta bere aldaketak, saila horretatik pasatu behar dira, lehenengo han onartzeko: Plentzia zein Getxo horretan daude, Barrika ere bai… herri guztiak prozesu horretan, fase batean edo bestean, sartuta daude sartuta.

Kulturari dagokionez, zer esan. Cristina Uriarteren Sailean erabakiko dira, besteak beste: gure euskaltegientzat diru-laguntzak, orain murriztuta; hizkuntz ereduak eskolan, Wertek Wert; euskarekiko politikak kalean, isunak, diru-laguntzak; administrazioan euskararen erabilpena, eta horren aldeko politikak;  argitalpenak, hizkuntzari dagokionez zein argitalpen-politika orokorra; antzerki-politika, gure herrietara hekduko diren lanak; zimagileen diru-laguntzak, hemen eta hemengoek egingo duten filmak; ondarea zer den edo zer ez den, eta bere ondorioak; Kultura Ondarea lege berria, badago; gure ondarea eta aztarnategi arkeologikoen etorkizuna; ondare immaterialarekiko politikak, orain arte eskasak…

Puntu guzti hauetan, gure inguruan dagoen zerbait zehatza, ukigarria, jar liteke: Megalitoak, Galeako gotorlekua, Plentzako hirigunea, gure euskaltegiak, toponimiaren bilketak… Beraz, urrun daude, baina gure instituzio-egituretan, aldaketarik ez badago, eta ez da egongo epe laburrean, aukera guztiak garrantzitsuak dira: hurbilenak eta urrunenak, beti ere Madrileko baimenarekin, Wert eta halako hainbeste aferen ikusita.

Dena den, ezin da ahaztu, politikari garrantzitsuenak Sailburu horiek izan arren, beste izenen zain egon behar dugula, Sailburuordeak eta Zuzendariak baitira azken finean, eguneroko erabakiak hartzen dituztenak.

Gasteiz urrun dago, baliteke, baina han erabakitzen dutena oso garrantzitsua da gure kulturakoa, gure herrietarakoa, hau da, guretzat eta gure seme-alabentzat.

Kategoria: Sailkatugabeak, Uribe Kostatik kanpo Etiketak , . Gorde lotura.