Euskadiko industria ondare osoa liburu batean (II)

Aurreko postean, zabaldu genuen Eusko Jaurlaritzak argitaratu zuela liburu bat (ale bitan), Euskadiko Industria ondarea. Ustekabea izan zen jakitea gure eskualdean azpimarratzeko industria ondarea zegoela. Itsasadarra ondoan dauden udalerrietan industria ondarea dagoela (zegoela) ez da berria, ezaguna baita, baina ekialderantz bagoaz, ia-ia udalerri osoetan dago zerbait, batzuetan oso interesgarria gainera.

Getxon elementu asko daude, itsasargiak sartuta baitira. Hiru Itsasargi daude liburuan.

Portu berriko itsasargia (Avanzada)

La Avanzadako itasargia 1939an piztu zen lehen aldiz. Sorosle-etxean bertan dago. Etxea euskal estilokoa da (Neovasco), eta, dakigunez, oso eraikin garrantzitsua arkitekturari dagokionez (Smith izan zen egilea). Arriluzeko itsasargiak, aldiz, ez dauka oso arkitektura deigarria, paisaia-baloreak, ordea, itzelak dira, guztiok dakigunez. Historiari dagokionez, dudarik gabe Galeako itsasargia da garrantzitsuena. Alde batetik, zaharrena da (1852) eta bestetik, gehien mugitu dena. Orain bozgailua dagoeneko lekuan egon zen, 1950 arte, data horretan bere egungo lekura joan zen, amildegitik urrun. Hiru itsasargi horietako aspektu teknikoen berri ematen digute egileek (argia, frekuentzi, ikusmena).

Itsasargiekin amaitzeko, oso egokia iruditu zait liburuaren argudio bat. Itsasargi horiek ez dira kontuan hartu behar banan-banan, horrela ere soberako baloreak izan arren, Bizkaiko kostalde osoaren multzo bat baizik. Guztien artean Bizkaiko itsaso-seinaleko sarea sortzen dute.

Horietaz gain, Getxon aipagarriak dira Erromoko Etxe merkeak. Multzo politaz gain, nire ustez, auzoaren nortasunaren ikono bat da. Horiek, Erandiokoak bezala, Etxe Merkeen legepean egon ziren. 1924an eraiki ziren, eta Angel Libano ere izan zen arkitektoa (Tartangakoak bezala). Kooperatiba horrek El Hogar Obrero izan zuen izena. Kooperatibistak trenbideko langileak izan ziren gehienak, eta haiek ere lan egin zuten eraikitzeko lanetan (dirua zein lana jarri zuten).

Harino Panaderaren orubea, lanak bitartean, eraikin historikoa suntsitu ondoren,

Azkenean Getxon bi elementu ezohikoak aipatzen ditu ikerketak, Harino Panadera eta Bizkaia zubia. Bizkaia zubiari buruz, berriro ere, artikulu luzea aurki dezakegu, Carcamok sinatuta. Munduko Ondarea denez, ez dago gehiegi esateko, oso ezaguna baita, eta oso baloratua, oro har, guztion artean. Harino Panadera, ordea, bitxia da. Dakigunez, enpresa honen eraikina pasa den mendeko 80 hamarkadan, bulego bihurtu zen. Hala ere, nahiko mantendu zuen bere era. Duela gutxi, aldiz, eraikina bota zuten eta etxebizitza egin zuten, kanpotik orokorrean antzeko egitura egin zen, antzekoa, baina bota zuten. Harino Panadera, nazioarteko DOCOMOMO-k (DOcumentation and COnservation of buildings of the MOdern MOvement Fundazioa), Eusko Jaurlaritza babestuta zuen eta udaleko HAPOren zerrenda ere bilduta zegoen. Kontuan hartu behar da oso elementu arrazionalista gutxi dugula Bizkaian. Egileak esaten duen bezala, bere baloreak galdu zituen suntsitu ondoren beste eraikin berri bat eraiki zutenean. Pena da.

Hurrengo artikuluan Berango, Urduliz eta Plenziari buruz hitz egingo dugu, lan honekin amaitzeko.

Kategoria: Getxo, Monumentuak Etiketak , , , , . Gorde lotura.