Korrika, batzen gaituena.

Adi egon! “Etxe” berria dugu. Oraindik aurrera jarraitu honetan: uribekosta.wordpress.com. Hauek hemengo azken postak izango dira.

Korrika gure herrietara hurbiltzen da. Duela bi urte hemen bertan Korrikari buruzko artikulu bat idatzi nuen. Berriro irakurri dut, eta, egun, berbera sina nezake. Beraz, ez dut idatziko kulturako ekimen nazionala nagusia denik. Ez dut esango Iparralde, Nafarroa eta Erkidegoa batzen dituenik. Ez dut esango sakabanaketako indarrek Korrikan eta antzekoetan aurkitzen dutenik erantzun onena. Ez dut esango Korrikak herri egiten gaituenik. Mugaz jositako Euskal Herri batean -Iparraldea, Nafarroa eta oraingo lurralde-politikak sortzen ari direnak- lasterketa horrek josten gaituenik ez dut esango.

Halaber, emozioez idatziko dut. Hunkigarria baita, telebistan ikusten ditugunean furgoneta eta korrikalaria bakardadean, Nafarroako hegoaldeko gune irekietan, pausoz pauso aurrera, paisai hori horretan.

Hunkigarria da Iparraldeko neska-mutilak, oztopoak oztopo, haize guztien kontra, ahuldutako ikastola baten atean hartzen dutenean lekukoa besarkada ostean.

Hunkigarria da baserritarrak atarietara ateratzen direnean baserritik korrikalari pelotoi txikiak animatzeko gure mendi-magaletan.

Hunkigarria da langileek, elkarteek eta arazoak dituzten hainbat kolektiboek, une batez euskararen lekukoa hartzen dutenean, esateko haiek, bere arazoak edo aldarrikapenak  guztienak direla.

Hunkigarria da taldeek (kirolak…) erreleboa hartzen dutenean traineruaz, txirrinduaz edo dena dela gure itsasadar edo itsasotik.

Hunkigarria da hiri handietan ere, milaka pertsona pankarta atzean korrika egiten dutenean, jai giroan, herria bultzatuz, eta herria zein den erakutsiz.

Hunkigarriena da, ordea, geure herrietatik pasatzen denean; itxaropena, lagunak, auzokideak, udaltzaingoaren lehenengo autoa heltzen denean; kalea hasieran lehenengo mugimenduak, jende asko, gutxi, aldaketaren irribarrea, besarkada edo agurra; eta … bidea… musika, oihukak, gaztetxoak, zure alboko agurea (atzean uzten zaituen madarikatu hori), nekea;…eta, azkenean, alboratzen zara libre uzteko kalea.

Hor urruntzen da Korrika. Pelotoia eta atzeratutakoak. Kale amaieran galtzen dira. Aztarnak besterik ez dira geratzen, paper batzuk, pankartak, dortsaldunak kaleetan eta… barruko aztarnak. Pozaren sentimendua, herri baten ekimen polit eta esanguratsuenetariko batean parte hartzeagatik.

Herri egiten gaitu korrikak! Jakina!

 

Kategoria: Ekitaldiak/Ekimenak Etiketak . Gorde lotura.