3 urte beteta

Adi egon! “Etxe” berria dugu. Oraindik aurrera jarraitu honetan: uribekosta.wordpress.com

Hilabete honetan Uribe Kostaz hitz egiten-ek hiru urte bete ditu. Tarte honetan 137 post jarri ditugu, batzuk interesgarriak, bewordpressste batzuk ez hainbeste, baina guztiok gogoz.

Urtebetetze guztiak onak dira hausnarketa egiteko, eta depresioa hartzeko; gurea ere bai. Hiru urte hauetan galdera asko bururatu zaizkigu. Aitortu behar da blogaren onura garrantzitsuenetarikoa arlo askotan hausnarketa bat egitea dela, proiektuaz zein gaiaz; azken finean, idazteko, lehenengo, pentsatu behar da (batzutan ez eman arren). Blogak sortarazten dizkigun galdera horiek hiru multzotan sail daitezke

1. Kultura-egitasmoari dagokionez:

  • Blogak gehitzen dio zerbait eskualdeko kulturari?
  • Funtzioren bat, ondareari dagokionez, badu?
  • Zabaltzen du ondarea?
  • Ezagutarazi dio?

2. Komunikazioari buruzkoak, hau da, hizkuntza.

  • Euskarari dagokionez, duina da?
  • Merezi du euskaraz egitea?
  • Ondareari euskarak zerbait gehitzen dio?

3. Komunikazioari berari buruz:

  • Ba dago norbait hor?
  • Zein da espero zen erantzuna eta zer lortutakoa?
  • Asetzen du bai idazlearen gogoa bai irakurlearena, baldin badago?.

Lehenengo ukblogblokea erantzuteko errazena da. Itsasoan tanta bat besterik ez da. Baina, tanta horren kolorea bakarra da. Eskualdean badago beste blogarik, batzuk oso interesagarriak, kalitatez eta kantitatez. Gurean, ordea, bereizteko bi ezaugarri azpimarratuko nituzke: batetik, jomuga nagusia kultura ondarea da, noizbehinka, haatik, edozein kultura-gaia jotzen dugun arren, bestetik tokiko dimentsioa, gai honetaz, arraroa da. Kultura gaiek interesdun gutxi badute… begiratu tokikoak!.

Gainera, galdera horretan, hurrengoan ere erantzuna dago. Blog hau  gustura utziko nuke, beste hamar blog kulturaz eta euskaraz egongo balira. Blog gutxi dago euskaraz, uste dut gai horretaz bakarra garela. Hori, soilik, jarraitzeko nahikoa da. Ez dugu ezer normalizatuko, baina jendeari emango diogu, astean behin, kulturari buruzko blog bat irakurtzeko aukera, nola eta euskaraz.

Amaitzeko, gure kontadorearen arabera, gehi gure kalkuluak, 5000 bisiari izan dugu 3 urte hauetan. Hasi genuen 20 bisitari/hilabetean, eta orain 250 lortu dugu (gehi harpidedunak). Barre egiteko zenbakiak dira, baina gure banitatea guztiz ase dago, batez ere, hiru handicap kontuan hartuta:

  1. Tokiko gaiak dira gureak, hau da, eskualdetik at ez zaio inori inporta.
  2. Kulturako gaiak, ba la dago inor hor?
  3. Euskaraz. Eskualdeko euskaldunak izan litezke 30.000. Umeak kentzen baditugu, hor dago gure sabaia, horietako kulturarekiko interesa dutenak kontuan hartu…

Faktore personal asko ere badago, ez da azaltzeko momenturik. Oso pozik gaudela egindako lanarekin besterik ez dugu esango.

Beraz, jarraituko dugu. Horrek ez du esan nahi hausnarketa ez dugula egin behar. Kontrakoa, hedabideak zein euskarazko blogak benetan merezi dutela, esparru argi hori egiteko  ez egon arren, baina hori beste gai bat da.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkinak desaktibatuta daude 3 urte beteta sarreran

Helbidearen aldaketa

Adi egon! “Etxe” berria dugu. Oraindik aurrera:

uribekosta.wordpress.com

izango da gurea. Blogarian zoriontsuak izan gara, baina hiru urte pasa ondoren, aldaketa egingo dugu. Berrian, leku gehiago eta aukera berriak aurkitzea espero dugu. Zuentzat, irakurle maiteok, existitzen bazarete, berdin-berdin izango da. Gogoratu, harpideduna bazara, helbide elektronikoa aldatu  behar duzula.

Kategoriak Sailkatugabeak | Iruzkinak desaktibatuta daude Helbidearen aldaketa sarreran

Euskadiko industria ondare osoa liburu batean (eta III)

Post honekin amaituko dugu Euskadiko industria Ondarearen liburuaren bilduma, eskualdeko herri guztiekin amaitu dugu eta. Industriaz hitz egitean, epizentrotik urruntzen bagara, industria gutxiagorik topatuko dugu. Epizentro hori, jakina, Nerbioi itsasadarra da. Dena den, herri-lanak eta tokiko industria edonon aurki daiteke.

Berangon ur-depositua dugu. 1905an egindako urtegi hau, sasi artean ezkutatuta egon arren, aldaketa erraldoia izan zen gure udalerrietako osasun egoerako. Oso lan garrantzitsuak izan zen bere garaian, hortaz, inskripzioa darama bere atean “DEPÓSITO DE AGUAS DE BERANGO. AÑO 1905”. Ur-deposito hauek ohikoak ziren gure herrietan, eta oraindik daude beste halako azpiegituraren bat gure eskualdean (Berango, Plentzia, Getxo).

Alconza

Berangoko Alconza

Industriari dagokionez, Alconza enpresa dugu, Arene poligonoan. Beti bezala, leku industriala besterik ez du ematen: zikina, itsusia eta ezegokia egoteko. Hala ere, barruan urte askotako historia eta lan-mundua aurki daitezke. Alconza 1961ean hasi zen lana. Bere lantegietan motorrak egiten zituen. Eraikin baliotsuena fabrikaziorako eraikina da, arrazionalista berantiar estilokoa. Nahiko nabe handiak dira, eta, ezer jakin gabe, aurreko aparkalekutik ikusita indarra zein garrantzia bistan dago.

 Sopela, Barrika, Gorliz eta Lemoizen ez da egon, edo ez dira kontserbatu aipatzeko elementurik, Urdulizen, ordea, orografia zabalagoa duenez, Mecánica la Peña industria handia ezarri zen. Enpresa honek 1940an jaio zen Bilbon (La Peña auzoan), baina 1958an Urdulizera etorri zen. Ekipamendu-ondasunak egiten zuten, eta Bizkaiko enpresa inportanteenetariko bat izan zen, negozioagatik zein langileen kopuruengatik. Egun, itxita dago eta pabiloiak berraprobetxatuta daude, baten bat desagertu bada ere.

 Plentziari dagokionez, bi elementu bitxiak ditugu. Alde batetik Kastilao

Plentzia. Kastillao. XIX. mendeko urtegi.

Plentzia. Kastillao. XIX. mendeko urtegi.

ur-depositua. 1893an eraikita, toponimo interesagarri baten gainean. Eraikin hau oso polita da; estilokoa; txikia, baina landuta; ezin hobea. Orain ez da erabiltzen ura hartzeko, bere unean, aldiz, oso aurrerapauso itzela izan zen Plentziarrentzat. azpiegitura guzti hauetako sormena ulertzeko, higienismoan pentsatu behar dugu, Europan zehar XIX. Mendean oso hedatzen den pentsamendu ezagun hori.

 Baina, Plentziak itsasoari begiratzen dio, beraz, itsasoari dagokion zerbait izan behar zuen: Arruza y Cia eskabetxe-fabrika. Jose Bilbao Lopateguik diseinatu zuen 1882an. Zabala eta handia da egitura hau bere garaiko eskabetxe-fabrika guztien bezalakoa, izan ere, XIX. mendean industri horiek oso ezarritako eskema jarraitzen zuten. Bere ondoan, itsatsita, arrantzaleen etxeak daude. Batak zein besteak, marinel-itxura ematen diote lekuari, ez da makala, Plentzian, eraikin honetaz gain, ez baitago beste bat bere ohiko lana munduari azaltzeko.

 Laburbilduz, esan daiteke liburuak (bi aleak) oso interesgarriak direla, ikuspegi orokorra ematen baitigute industria-ondareaz. Irakurleak hutsuneak nabarituko du, gure herrietan honek edo besteak egotea merezi duelakoan. Ezin da ahaztu katalogo orokorra dela, eta leihoa irekia besterik ez dela; izan ere, oso gomendagarriak dira aurreko artikuluak. Lan erraldoia, ezin hobea kontsultatzeko, elementuz elementu, eta, jakina, hasierako artikuluak.

 ADDENDA: Aurreko postean, Getxoko atalean, ez nituen  aipatu Malakateak, azpiegitura hau liburuan Elorrietako ponpa-etxe barruan dago, naturala denez, azpiegitura horrekin batera ulertu behar baititu. Hala ere, ezin da ukatu, Getxoko industria-ondareko azpiegitura nagusia direla, izan ere, ofizialki babestuta dagoen bakarra da Uribe Kostan, ikusten dugunean gezurra irudi arren.

Kategoriak Berango, Monumentuak, Plentzia, Urduliz | Etiketak , , , , , , , , , | Iruzkinak desaktibatuta daude Euskadiko industria ondare osoa liburu batean (eta III) sarreran

Itzubaltzetako gaztetxea, Gobela ibaia, udala… betikoa

Getxoko Udalak utzi die Etxe merke bat Itzubaltzetako gaztetzekoei. Dakigunez, lanak hasi dira gaztetxearen inguruan, eta ezin dute erabili. Udalak hautsak harrotu ditu erabaki horrekin, eta, nola ez, PPk mendeko kanpaina egiten ari da kontu horrekin.

13itzubaltzetaUdalak egindako hitzarmena oso egokia da. Leku batean aktibitate bat zegoen. Herri lanak dela eta, ezin da jarraitu aktibitate horrekin, beraz, bilatzen da beste leku bat aktibitate horrekin jarraitzeko, behintzat, neurri batean. Lekua aurrekoa bezalakoa ez denez, aktibitate osoak egiteko, mugak jartzen dira, eta bi aldek onartzen dituzte. Non dago arazoa? Ah, gazteak dira! Ah, kultura mugetan mugitzen dira! Ah, “nire” politikatik antipodetan daude!… Beraz, arazoak ditugu, eta jarriko ditugu.

Ni ere antipodetan nago; ez naiz gaztea; ez dut ulertzen egiten dituzten ekitaldi gehienak; haien musika ez da nire gustukoa; eta, amaitzeko, politikan ere, zerbait argi badute, seguru asko, nirea ez da. Baina, hori ere gertatzen zait operarekin, arte garaikidearekin… eta askori hamaika ekitaldi, aktibitate edo kultura-lanekin. Eta jai dugu gustu horiek soilik gidatzen baitituzte gure politikak.

 Seguru nago EAJ-PNVk BILDU behar ez bazuen, hitzarmen desberdin egingo zuela, zerbait eginez gero, urrun baitaude gazte horiek haien pentsamoldeetatik. Baina horrela da politika, hitzarmenek eta beharrek aldatzen dituzte legeak eta ekintzak, eta eskerrak. Kontrako adibide on bat badugu Madrileko gobernuarekin.

Udal gobernuak ondo ulertu du hitzarmenaren beharra, eta gainera ondo plasmatu du. Dudarik gabe, oso eskarmentu handia du alkatetzaren partiduak, hitzarmenak kudeatzeko. Gaztetxea defendatu du, baina, mugak jarri ostean, gizarte-klub bihurtu du. Normala da. Auzokideak daude, eta errespetatu behar da inguru berria, ez aproposena gaztetxe bat jartzeko.

BILDUk ere ondo jokatu du, eta politikarako gerria duela azaldu du. Presioa egin du, eta defendatu du gaztetxea, normala denez. Bere hurbiltasuna, bai politikan, bai kulturan, bai kultura-politikan bistan dago. Baina muga asko onartu ditu, ia-ia gaztetxe sakrifikatu arte.

Batak zein besteak ondo egin dute, sakrifizio guztiak hitz bat darametelako: “behin-behinekoa”. Dena ondo badoa, behin lanak amaituta, gaztetxeak bere ohiko aktibitatearekin jarraituko du.

Arazorik ez da egongo? Jakina baietz, auzokideren bat kexatuko da, batzuetan arrazoiaz, besteetan arrazoirik gabe; gazteren batek egokia ez den zerbait egingo du; erretzen dutela, edaten dutela, musukatzen dutela, ile luzea, laburregia… espero dezagun konpongarriak izatea, eta kito. Horretarako, guztien borondatea garrantzitsua da.

Eta ordun non dago arazoa? PPk esango du ohi duena. Arazo bi daude, besterik ez. Lehenengoa: Jabetza berea ez dela. Egia da, baina horretarako balantza behar dugu. Jabetza Jainkoarena eman arren, ez da horrela, edo ez da izan behar; beraz, zer da onena hutsik dagoen lekuaren jabetza edo hor sortzen den kultura? Batek zalantza bat badu ikus dezala Errekaldeberriko Kukutza gaztetxearen orube, hutsik orubea eta hutsik ere auzoko kultura-ekitaldiak, Azkunak esanak esan. Nik zalantzarik ez dut.  Bigarrena arazoa: PPko politika, ulertzen duelako gurearekin “ bat ez datorrena desagertu behar duela. Zorionez, dena beti ez dago haren eskuetan, eta mundua, batzuetan, ondo dabil, antza.

Kategoriak Ekitaldiak/Ekimenak, Getxo | Etiketak , , , , , , , | Iruzkinak desaktibatuta daude Itzubaltzetako gaztetxea, Gobela ibaia, udala… betikoa sarreran

Euskadiko industria ondare osoa liburu batean (II)

Aurreko postean, zabaldu genuen Eusko Jaurlaritzak argitaratu zuela liburu bat (ale bitan), Euskadiko Industria ondarea. Ustekabea izan zen jakitea gure eskualdean azpimarratzeko industria ondarea zegoela. Itsasadarra ondoan dauden udalerrietan industria ondarea dagoela (zegoela) ez da berria, ezaguna baita, baina ekialderantz bagoaz, ia-ia udalerri osoetan dago zerbait, batzuetan oso interesgarria gainera.

Getxon elementu asko daude, itsasargiak sartuta baitira. Hiru Itsasargi daude liburuan.

Portu berriko itsasargia (Avanzada)

La Avanzadako itasargia 1939an piztu zen lehen aldiz. Sorosle-etxean bertan dago. Etxea euskal estilokoa da (Neovasco), eta, dakigunez, oso eraikin garrantzitsua arkitekturari dagokionez (Smith izan zen egilea). Arriluzeko itsasargiak, aldiz, ez dauka oso arkitektura deigarria, paisaia-baloreak, ordea, itzelak dira, guztiok dakigunez. Historiari dagokionez, dudarik gabe Galeako itsasargia da garrantzitsuena. Alde batetik, zaharrena da (1852) eta bestetik, gehien mugitu dena. Orain bozgailua dagoeneko lekuan egon zen, 1950 arte, data horretan bere egungo lekura joan zen, amildegitik urrun. Hiru itsasargi horietako aspektu teknikoen berri ematen digute egileek (argia, frekuentzi, ikusmena).

Itsasargiekin amaitzeko, oso egokia iruditu zait liburuaren argudio bat. Itsasargi horiek ez dira kontuan hartu behar banan-banan, horrela ere soberako baloreak izan arren, Bizkaiko kostalde osoaren multzo bat baizik. Guztien artean Bizkaiko itsaso-seinaleko sarea sortzen dute.

Horietaz gain, Getxon aipagarriak dira Erromoko Etxe merkeak. Multzo politaz gain, nire ustez, auzoaren nortasunaren ikono bat da. Horiek, Erandiokoak bezala, Etxe Merkeen legepean egon ziren. 1924an eraiki ziren, eta Angel Libano ere izan zen arkitektoa (Tartangakoak bezala). Kooperatiba horrek El Hogar Obrero izan zuen izena. Kooperatibistak trenbideko langileak izan ziren gehienak, eta haiek ere lan egin zuten eraikitzeko lanetan (dirua zein lana jarri zuten).

Harino Panaderaren orubea, lanak bitartean, eraikin historikoa suntsitu ondoren,

Azkenean Getxon bi elementu ezohikoak aipatzen ditu ikerketak, Harino Panadera eta Bizkaia zubia. Bizkaia zubiari buruz, berriro ere, artikulu luzea aurki dezakegu, Carcamok sinatuta. Munduko Ondarea denez, ez dago gehiegi esateko, oso ezaguna baita, eta oso baloratua, oro har, guztion artean. Harino Panadera, ordea, bitxia da. Dakigunez, enpresa honen eraikina pasa den mendeko 80 hamarkadan, bulego bihurtu zen. Hala ere, nahiko mantendu zuen bere era. Duela gutxi, aldiz, eraikina bota zuten eta etxebizitza egin zuten, kanpotik orokorrean antzeko egitura egin zen, antzekoa, baina bota zuten. Harino Panadera, nazioarteko DOCOMOMO-k (DOcumentation and COnservation of buildings of the MOdern MOvement Fundazioa), Eusko Jaurlaritza babestuta zuen eta udaleko HAPOren zerrenda ere bilduta zegoen. Kontuan hartu behar da oso elementu arrazionalista gutxi dugula Bizkaian. Egileak esaten duen bezala, bere baloreak galdu zituen suntsitu ondoren beste eraikin berri bat eraiki zutenean. Pena da.

Hurrengo artikuluan Berango, Urduliz eta Plenziari buruz hitz egingo dugu, lan honekin amaitzeko.

Kategoriak Getxo, Monumentuak | Etiketak , , , , | Iruzkinak desaktibatuta daude Euskadiko industria ondare osoa liburu batean (II) sarreran

Euskadiko industria ondare osoa liburu batean (I)

Oso liburu interesgarria argitaratu du Eusko Jaurlaritzak: Euskadiko industria ondarea. (Eusko Jaurlaritza. Kultura Saila 2012) Bi ale dira, eta pisukoak gainera. Lan horretan Kultura sailak gure industria ondarea azaltzen digu, fitxaz gain, aurreko artikuluek gure industria ondarea ikuspegi sakona eskaintzen digute.. Elementuak sailkatzen dira sektoreka eta aurkibideetan herriz herri ere sailkatzen dira. Bi kritika nagusiak egin daitezke, formatu digitalean ez dagoela eta halako liburu horietatik argazki hobeak eta handiagoak esperoko zirela. Egile kolektiboa da, (AVPIOP-IOHLEE). Industria Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkarteren jendea, hain zuzen ere Elkartearen kide batzuek egin dute eta, nik dakidanez, aproposenak lan hori egiteko.

1. aleko azala.

Liburu preziatua izango da, dudarik gabe, informazioagatik, eta industria-ondarearen ikuspegia orokorra emateagatik. 600 elementu biltzen dira, batzuetan gutxi idazten da industria batez (gutxiegi), besteetan, ordea, asko, Industria horrela da, edo gutxi dakigu edo liburutegi osobat idatz daiteke, aspektu sozialak, ohiko bizitza, teknologia, arkitektura, historia…. denek dute lekura lantegi baten barruan. Hala ere, irribarre egiteko badu, elementu asko, nik ezagutzen ditudan asko, dagoeneko desagertuta daude. Beraz, ez da oraingo katalogoa, orain izan beharko genukeen katalogoa baizik. Gure eskualdean bertan adibide negargarri batzuk badaude. Tamalez, horrela da hain garrantzitsua eta hain ez-preziatua den ondarea.

Gure eskualdeari dagokionez, aitortu behar dut ustekabea izan dela hainbeste lekuak aurkitzea. Badakigu Erandiok industria multzo handi bat duela, baina, hala eta guztiz ere, eskualdeko elementu kopurua deigarria da.

Post honetan eta hurrengoan eskualdeko monumentuak laburtuko ditugu. Dena den, kontuan hartu behar duzue, liburuan elementuez gain, informazio eta balorazio asko daude. Kultura Sailak bere argitalpenak sarean jarri ohi du, espero dezagun lan hau laster bere web orrialdean ere aurkitzea.

Uribe Kostako industriari buruz hitz egiten badugu, nola ez, Erandiotik hasi behar dugu.

  • Asua ibaiaren gaineko trenbide-zubia ekartzen dugu lehena. Ez dago apenas informaziorik, paragrafo bat besterik ez da; baina katalogoan sartuta dagoenez, garrantzitsua duela uste behar dugu.
  • Astilleros Reunidos del Nervión ARN enpresa Axpen dago. Hau 1970 sortu zen Honetan, beste hiru enpresa ezagun batzen dira: Ruiz de Velasco, Marítima de Axpe eta Astilleros del Cadagua. Enpresa honetan dike lehorra eta beste azpiegitura batzuk azpimarragarriak dira
  • Compañía de Pinturas InternacionalesLuxtxanan dago, itsasadarra eta ibaiaren

    Compañía de Pinturas Internacionales

    ondoan, ez Kadagoan, liburuak esaten duen bezala, Asuan baizik. Egileen arabera, oso industria bitxia da gure itsasadarrean, eta zaharrenetariko bat, 1924an sortua izan zen, ontziolei zerbitzua emateko

  • La Esperanza etxeak. Altzagan dauden etxe merke horiek 1924an eraikitzen hasi ziren, Etxe Merkeen legearen urte berean. Sestaoko La Naval ontziolako langileek egin zituzten, eta Libano izan zen arkitektoa. Gure eskualdean, horietaz gain Erromokoak daude, izan ere, Bizkaian askoz gehiago egin zituzten, batez ere, langileen kooperatibek. Atal berezi bat mereziko luke etxe horietako kasuak. Ondareaz gain, oso garrantzia handia dute XX. mendeko hasierako historia sozialean. Haien inguruan kooperatibak, elkarteak eta langile mugimendu asko ibiltzen ziren, eta XX. mendeko ideia berriak ere azaltzen dizkigute etxe horiek.

Leioako laginak ez dira makalak, barkatu, ez ziren makalak,

  •  Dow Unquinesa enpresa Leioan gogoa besterik ez baita. Hala ere, ematen du egileek aproposa aipatzen dituztela botata dauden lantegi asko. Ez da arraroa, amorru eman behar die ikusteak galtzen direla ondare hori ikusteak. Lanak aipatzen du bere sorrera 1941ean, eta haren enpresa aldaketak. Egun, dakigunez, botata dago, eta haren ordezko proiektuaren zain gaude.
  •  FAES-i buruzko artikulua (Fábrica Española de Productos Químicos y Farmacéuticos) desberdina da. Egileek sinatu dute, sakonagoa da eta (Ainara Martínez eta Amaia Apraiz). 1933an sortu zen. Oso bitxia da artikulua. Irakurri ondoren, bere garrantzia ulertzen da, bai lantegiarena, bai industria-ondarearena.
  •  Udondoko zubia, Leioakoak amaitzeko. Carcamok egiten du artikulua, berriro

    Isabel II.aren zubiaren egitura

    luzea. Dakigunez, zubi hori ez da plataforma hutsa, hori ematen du pasatzen garenean egunero. Azpiko elementuak, ordea, bitxiak dira, berraprobetxatuta. Bilboko Isabel II zubiko burdinazko arkua hemen jarrita dago. Bilboko zubi hori suntsitu ondoren, 1876an, bere arku bat Udondoko zubian jarri zen, berregiteko antzinako zubian eroritako zubia. Ingeniaritzari buruzko artikulu interesagarria da, burdinurtuaren garrantzia XIX mendean ulertzeko batik bat.

(jarraituko du)

Kategoriak Erandio, Leioa | Etiketak , , , , | Iruzkinak desaktibatuta daude Euskadiko industria ondare osoa liburu batean (I) sarreran

Urte berri on Kultura arloan?

Urte berri bat hasi dugu. Balantzeko unea omen dira urteko hasiera-amaierak. Ziklo berria hasten denez, antzinako erritoa izango balitz bezala, esperantzez beteta hasten dugu ziklo berria. Solstizioa mugitu dugu urteberrira, asmoa bera da eta: onerako aldaketak.

Projektutako Erromoko Kultur etxea

Hala ere, esperantza izatea zaila da. Urteberria izan ezik, gainontzeko adierazleek kontrakoa esaten digute, eta kultura arloan askoz txarragoa bide datorkigu 2013a. Iaz, kulturako arlo guztiak amildegian jarri dituzte, erori ez direnean. Azpiegitura handiak izan ezik, Arte Ederretako museoa, Guggenheim, Balenciaga…guztiek murriztu dituzte euren aurrekontuak, euren pertsonala, euren erakusketak, euren ekitaldiak… desagertu ez denean. Azpiegitura handi horiek ere murriztu egin dute bere aktibitatea, beraz, bere azpian dauden beste kultura-agente asko ito egin dira. antzerkia, zinema, ondarea, musika… arlo guztiak behera joan dira, amildegira.

Gure herrietan asko nabaritu da, Getxon adibidez, konpara daiteke urtarrileko Kulturberria, duela bi urterekin, edo iazkoarekin. Pasu honetan, orri batekin nahikoa izango da. Hala eta guztiz ere, eta egoera egoera, geroan berri on baten bat ere izan beharko genituzke: Getxoko Kultur etxeak aurrera joango omen dira, Erromokoa eta Algortakoa. Hemendik kritikoak izan gara aspektu askotan, baina kultur etxe horiek Getxoko eta eskualdeko kultura ardatzak izan behar dituzte, eta oraingo falta oso nabaria da. Behin eginda, eztabai daiteke programazioari buruz eta kultura politikari buruz; lanabesik gabe, kultur etxerik gabe, ezin da ezer egin eta. Horretaz gain, HAPO ere erredaktatzen ari da, Dokumentu horretan idazten diren kultura lerroak funtsezkoak dira, batez ere, eraikitako ondareari dagokionez. Fase honetan, hori da berria, herri-komisioak ere lan egiten du bere ekarpenak egiteko, ikusiko dugu emaitza, baina prozedura, printzipioz, oso interesantea izan liteke.

Egitasmo handiez gain, beste kontu batzuk egon badaude: Punta Begoña, besteak beste, aurreko egitasmoa bertan behera geratu ondoren (eskerrak) norabide bat aurkitu behar zaio monumentuari, norabide duina, jakina. Horrekin batera, Galeako Gotorlekuari buruz hitz egin daiteke, Getxoko monumentu nabarietarikoa, ikusgarritasunagatik, kokalekuagatik eta abar, irtenbide bat eskatzen digu, berriro ere irtenbide duina.

Ikusteko egon arren, ikusta ere badugu, 2012an ikusi genuen Punta Begoñako egitasmoa bertan behera geratu zela, Ondizko dorrea berreskuratu zela… eta beste batzuk ere, ez gehiegi. Beste egitasmo txikiak, baina nabariak sortu dira edo jarraitu dute, jarraitzen dute Plentziako tokiko historia jardunaldiak. Hauek urtero erradiografia historikoa egiten diote hiriari zein eskualdeari, beste aldetik Karlismoari buruz ekitaldi majua ikusi genuen Erandion, eta Uribe Kostan orokorrean berbatxango interesgarriak… Ahalegin handiak, emaitza txikiak baina oso interesanteak eta nabariak, auskalo, etorkizunean zein fruitua emango duten.

Urte berri bat, beste urte berri bat, urtero bezala, saiatuko gara botila erdi beteta ikusten, tanta batzuk besterik ez badaude ere, hori bai mimatzeko tantak, ezinbestekoak dira eta.

Kategoriak Ekitaldiak/Ekimenak | Etiketak , , , , | Iruzkinak desaktibatuta daude Urte berri on Kultura arloan? sarreran

Jaurlaritza berria; tokiko eragina, handia

Jaurlaritza berria dugu. Zaharrak berri! Gure inguruan politikari buruzko berriek, instituzioeiburuzko berriek, oso hedapen itzela dute, sarritan egindako politikak baino gehiago. Urrun dago Gasteiz, urrun dago Jaurlaritza, eta erraza da pentsatzea eragin erreala ez dela izango, azken finean, zer jakingo duten gutaz, Gasteizen daudenak!

Hala ere, gure eguneroko gai asko pasatuko dira bere eskuetatik: lana, ekonomia, heziketa… eta, nola ez, kultura. Cristina Uriarte izango da sailburua, ez dut ezagutzen, gure politikan Bizkaian behintzat, ez baita oso ezaguna. Hark Hezkuntza eta Kultura lotuko du, ez da makala. Saila horretaz gain, eragina handia izango du beste saila batek ere, Ingurumen eta Lurralde Politikak, hain zuzen ere. Saila horrek lurralde antolakuntza kudeatzen du: hiri-arau asko, handienak, baina tokiko asko ere bai: HAPO, besteak beste (Hiri Antolamendurako Plan Orokorra [PGOU]). Gure herrietan indarrean jarriko diren HAPOak eta bere aldaketak, saila horretatik pasatu behar dira, lehenengo han onartzeko: Plentzia zein Getxo horretan daude, Barrika ere bai… herri guztiak prozesu horretan, fase batean edo bestean, sartuta daude sartuta.

Kulturari dagokionez, zer esan. Cristina Uriarteren Sailean erabakiko dira, besteak beste: gure euskaltegientzat diru-laguntzak, orain murriztuta; hizkuntz ereduak eskolan, Wertek Wert; euskarekiko politikak kalean, isunak, diru-laguntzak; administrazioan euskararen erabilpena, eta horren aldeko politikak;  argitalpenak, hizkuntzari dagokionez zein argitalpen-politika orokorra; antzerki-politika, gure herrietara hekduko diren lanak; zimagileen diru-laguntzak, hemen eta hemengoek egingo duten filmak; ondarea zer den edo zer ez den, eta bere ondorioak; Kultura Ondarea lege berria, badago; gure ondarea eta aztarnategi arkeologikoen etorkizuna; ondare immaterialarekiko politikak, orain arte eskasak…

Puntu guzti hauetan, gure inguruan dagoen zerbait zehatza, ukigarria, jar liteke: Megalitoak, Galeako gotorlekua, Plentzako hirigunea, gure euskaltegiak, toponimiaren bilketak… Beraz, urrun daude, baina gure instituzio-egituretan, aldaketarik ez badago, eta ez da egongo epe laburrean, aukera guztiak garrantzitsuak dira: hurbilenak eta urrunenak, beti ere Madrileko baimenarekin, Wert eta halako hainbeste aferen ikusita.

Dena den, ezin da ahaztu, politikari garrantzitsuenak Sailburu horiek izan arren, beste izenen zain egon behar dugula, Sailburuordeak eta Zuzendariak baitira azken finean, eguneroko erabakiak hartzen dituztenak.

Gasteiz urrun dago, baliteke, baina han erabakitzen dutena oso garrantzitsua da gure kulturakoa, gure herrietarakoa, hau da, guretzat eta gure seme-alabentzat.

Kategoriak Sailkatugabeak, Uribe Kostatik kanpo | Etiketak , | Iruzkinak desaktibatuta daude Jaurlaritza berria; tokiko eragina, handia sarreran

Uribe Kostako dorretxeak

Pasa den astean eskualdeko euskararen aldeko elkarteek txango interesgarria proposatu ziguten: Uribe Kostako dorretxeak. Dakigunez, askotan agertu dira blog honetan Berbotsek, Aitxuk eta Egizuk (Erandio, Sopela eta Getxo). Hirurek noizean behin zerbait berria ezagutzera eramaten gaituzte: natura, arte, ohiturak, historia… denetariko, eta beti bitxia eta interesgarria.

Martiatuko barruko aldea. Azken erabileraren aztarnak.

Martiartuko barruko aldea. Azken erabileraren aztarnak.

Uribe Kostako dorreak entzunda, Martiartu dorrearen irudia datorkigu, jakina, baina ez da bakarra, ezta hurrik ere. Txangoan Martiartu ikusi genuen, kanpotik zein barrutik. Oso ezaguna da dorrea kanpotik, gutxi barrutik, eta, ordea, ondo ulertzeko barrura sartu behar da. Hor, Unai Aurrekoetxeak, arkeologoak eta elkarteek aukeratu zuten gidariak, azaldu zigun dorrearen faseak zeinak ziren, mendeak, leinuak, jatorria, zergatiak eta ezaugarriak. Primerako bisitaldia izan zen. Azalpenez gain, barrura sartzeko erandiotarrek egin zuten ahalegina eskertzekoa izan zen, ezohiko ikuspuntua da eta. Dorrea, XV. mendean agertzen da dokumentazioan, eta hortik baserri bihurtu arte, aldaketak azter daitezke bere hormetan.

Hurrengo geldialdia Leioan izan zen. Ondizko dorretxea, dorrea ez den dorrea. Udalak

Ondizko dorrea, berreskuratu ondoren

berreskuratu du, eta, kritikak kritika (hemen ere egin ditugu), ondarean esku-hartzearen onuraren lagin on bat da. Bitxia da aldaketa, dorretxetik baserrira, eta baserritik, berriro, dorretxera. Hango azalpenak eta galderak arkeologikoagoak izan ziren, zergatik bolumenak kendu diren, nola aukeratzen den mantentzeko zerbait, nola jakiten den… Gidariak eta gidatuak galderak, erantzunak eta iruzkinak barra-barra bota zituen. Dorretxe honetan indusketek XVI. mendera arte heldu ziren, eta zaharragoa ez omen dago: jauregia da, antzinako erara eginda izan arren, militar estetika du, baina guztiz zibila da.

Berangoko Basagoiti

Amaitzeko Berangora, Basagoiti dorretxera. Oraingo baserriak ondo azaltzen du bere iragana, aldaketak aldaketa. Hango baserritarrek pozaz edo etsipenez “inbasioa” jasan zuten. Abisatuta zuten bisitaldia (bisitaldia hitzartuta omen zuten jabeekin). Dokumentazio zaharrak aipatzen du dorrea XV. mendean, baina ikusten diren aztarnak, Unaik esan zuenez, XVI. mendekoa dira (puntadun leiho bikiak, adibidez), beraz, beste dorretxe zaharragoa egon zen leku honetan (arkeologo eta historialarientzako lana)

Otxandategi dorretxea

Horren antza, baina hobeto kontserbatuta, Berangoko Otxandategi dorretxea bisitatu genuen. Oso aldatuta egon arren, elementu asko kontserbatzen ditu: XVI. mendeko puntadun leihoak, XVII. mendeko armarria… Armarri hau Berangoko udalak udaleko armarritzat onartu zuen duela gutxi. Armarriaren historia irakasten digu historiaren eragina XX. Mendean. Berangok bere historia onartzen du, eta mendeak mende, armarri hori udal nortasuna adierazteko onartzen du. Bitxia.

Ustekabe galanta hartu zuen jendeak, ez baitzekien gure etxe ondoan dorre horiek zeuden. Hala ere, zerrenda askoz handiagoa da. Ez zen bisitatu eta merezi zuen, Plentziako dorrea, Sopelako Bareño, Berango dorrea, hondakina izan arren, Erandion Goikotorre, Asua, Bekotorre, baserri bihurtuta, Getxon zegoena, auskalo non zegoen…

Eskualdea oparoa da dorretxeei dagokienez, ordea, galduta daude Euskal Herriko multzoan. Txango horien onura nagusia hori izan da: jende aurrean jartzen dela jendeak aurrean duena, baina ikusi eta ezagutu ez. Gure ondarea modu horretan soilik balora daiteke, besterik ez.

Kategoriak Berango, Ekitaldiak/Ekimenak, Erandio, Leioa, Monumentuak | Etiketak , , , , , , , , , | Iruzkinak desaktibatuta daude Uribe Kostako dorretxeak sarreran

Euskararen eguna

Pasa den astelehenean euskara eguna izan da. Honen irakurleak ondo daki. Euskaraz irakurtzen duenak, idazten duenak, bizitzen saiatzen denak badaki hizkuntzaren eguna dela. Hiztun kontzienteak garela esan zuen soziologo batek, eta egia da. Beste hizkuntza askotan hizkuntzaren eguna nabaritu gabe pasatzen da, hizkuntzalariak eta adituak izan ezik, herria ez da enteratzen. Nork daki noiz den gazteleraren eguna? Batzuek bai, Cervantesen heriotzaren eguna da; ekitaldi ofizialak egiten ohi dira, eta hedabideetan ere agertzen da, baina… nor doa manifestazioetara? Badago? Ez, ekitaldi ofizialak eta ponposoak besterik ez daude.

Gure kasuan, ordea, ekitaldi ponposorik ez daude. Instituzioek egun horretan ekimenak ere egin arren, ekitaldi nagusiak kalean daude. Hiztunek, euskaltzaleek, hau da, ia-ia euskaldun guztiek, bere nahiak kalean oihukatzearen beharra dute. Aurten ere, Donostian batu dira euskaltzaleak. Ikastetxe eta ikastolak ere kalera atera dira. Zenbakia ez da garrantzitsua, nahia bai. Eskubideak eskatzen dira: Edonon hitz egiteko, edozertan hitz egiteko, ikasteko, lan egiteko, administrazioan erlazionatzeko… hau da, euskaraz bizitzeko. Aurtengo leloa: Euskaraz bizi nahi dugu, oso aproposa da. Esaldi sinplea, erraza, duina eta esanguratsua. Zein da egoera, hain sinple den aldarrikapena egiteko?

Hizkuntza Kultura da. Hizkuntza da gehien definitzen den Kultura. Hizkuntza da talde baten ondare nagusia. Hizkuntza da, beraz, hiztun guztiak batu beharko luke helburu baten bila: erabiltzeko eskubidea, hizkuntz horretan bizitzeko eskubidea.

Zoritzarrez, behar hori dute hizkuntza gutxituek, arriskuan dauden hizkuntzek, gure hizkuntzak, eta oihukatu behar da: euskaltegiko diruak handitzeko, ikasleak euskaraz ikasi ahal izateko, administrazioen aurrean euskaraz aritzeko, fakturak euskaraz hartzeko, TB duinak euskaraz aritzeko…

Egunak gure baitan aldarrikatzeko ere balio du. Errua kanpoan ez ezik, hizkuntza barruan ere badago, azken finean, lehenengo agentek gu gara, hiztunak: zer eginkizunik dugu hiztunok? zenbat hitz galtzen dira alferkeriagatik, edo konformismogatik? Zenbat dira eguneroko euskararen kontrako tik inkontzienteak?

Ospatu dugu euskararen eguna, gainera arrakastatsua izan da. Espero dezagun hurrengoan, 2013an, aldarrikapen bat behintzat berriro ez egitea, merezi ez baitu izango, lortuta baitago. Batekin konformatzen gara. Horrela da (ez)esperantza, horrela da egoera.

Kategoriak Ekitaldiak/Ekimenak, Uribe Kostatik kanpo | Etiketak | Iruzkinak desaktibatuta daude Euskararen eguna sarreran